Zortzi milioi armeniarrek gogoratzen dute gaur euren herriaren genozidioa. Joan zen mendeko lehengo urteetan gertatu zen, turkiarrek herri oso baten sarraskitzeari ekin ziotenean. Milioi bat lagun baino gehiago hil zituzten; bizirik atera zirenek, atzean utzi behar izan zituzten euren etxeak betiko.
“Mendebaldeko Armenia” deitu ohi diote armeniarrek Anatoliako ekialdeari. Garai batean, beraiek ziren nagusi Kars, Van edota Erzurum hirietan, turkiar eta kurduen gainean. Egun, ordea, ez da armeniarrik gelditzen Ararat mendiaren inguruan.
Urtero bezala, diasporako milaka lagun bertaratuko dira gaur Yerevango Genozidioaren Parkera, joandako senide nahiz arbasoak doluminez oroitzeko. Nolanahi, aurtengo ospakizunak marko berri batean burutuko dira. Bi urteko negoziaketen ostean, Turkiak eta Armeniak bakerako ibilbide-orria sinatu zuten Suitzan herenegun.
Badirudi Ankara eta Yerevanen arteko harremanak sendotze bidean daudela eta, diotenez, bien arteko muga ireki daiteke aurki. Gogora dezagun Armenia eta Turkia elkarri bizkarra emanda bizi direla 1994tik, inolako harreman diplomatikorik gabe. Ankarak, Nagorno Karabakh-eko gatazka izan zuen aitzakia Armeniako muga gaurdaino ixteko. Azerbaijan barruan dagoen arren, enklabe hartan armeniarrak ziren gehienak historikoki. Sobiet Batasuna erori eta berehala piztu zen konfliktoa, armeniarrek irabaziko zuten gatazka odoltsu hura.
Baina, zergatik itxi zuen Turkiak Armeniako muga hura?
Erraz: azeriak, turkiar jatorriko herria dira, Islamaren korronteak baino ez ditu bereizten Anatoliako lehengusuengandik: suniak azken hauek eta, azeriak, txiitak.
Bestalde, Armeniar Genozidioaren “arantza” egon da beti Ankara eta Yerevanen artean. Edonola ere, euren arteko harreman diplomatikoak berreskuratzearen ordaina ez da, inolaz ere, genozidioaren onarpena izango; antza, behar handiagoa du blokeo bortizpean bizi den Armeniak mugak irekitzeko, Turkiak baino.
Aurreikuspenak betetzen badira, armeniarrek Ani, euren antzinako hiriburua, bisitatzeko aukera izango dute turkiarren mendeko Kurdistanen, baita mila urte dituen Akhtamar irlako katedrala, besteak beste. Nolanahi, Kaukasoko herri honek Ararat mendia zapaltzea du ametsik handiena. Erraldoi zuria Yerevanen gainean zutitzen bada ere, Turkiarren menpe eman ditu azken ehun urteak.
Mendiari itxaropenez begiratuko diote gaur genozidioaren parkean bilduko diren milaka lagunek. Akaso, bere magaletan omenduko dituzte euren hildakoak datorren urtean.