argia.eus
INPRIMATU
Armeniako Parlamentuak genozidioa aitortzeko eskatu dio nazioarteari
  • Israelek, AEBek eta Turkiak uko egiten diote duela mende bat otomandarrek 1,5 milioi armeniar sarraskitu izanari “genozidio” deitzea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko apirilaren 22a
Erevaneko Genozidioaren Monumentua. Apirilaren 24an milaka lagun biltzen dira bertan. (Argazkia: Karlos Zurutuza)

Apirilaren 24an egingo dute armeniarren genozidioa gogoratzeko ekitaldi ofiziala Erevan hiriburuan eta bertan Vladimir Putin Errusiako presidentea eta François Hollande Frantziakoa izango dira.

Armeniako Parlamentuak genozidioaren mendeurrenaren harira adierazpena onartu du, nazioarteko komunitateari eskatuz aitortu dezala genozidioa izan zela eta errefusa dezala 1915 eta 1916 artean Otomandar Inperioak –egungo Turkia– bere herriaren kontra egindako sarraskia.

Turkiak, AEBek eta Israelek “genozidio” hitza erabiltzeari uko

Lehen Mundu Gerraren testuingurua aprobetxatuz, Otomandar Inperioak hainbat herri masakratzeko plana abiatu zuen, horien artean armeniarrak. Hala, 1915eko apirilaren 24an Istanbulen lehenengo armeniarrak atxilotzen hasi ziren eta horren ostean etnia horretako herritar guztiak deportatzeko agindua eman zuen gobernuak. Ehunka milaka lagun desertuan barrena martxa luzeak egitera derrigortu zituzten, inolako baliabiderik gabe eta gehienak bertan hil ziren.

Herrialde ugarik onartu dute gertaera horiek genozidioa izan zirela, horien artean daude Errusia, Frantzia, Polonia, Italia edota Kanada. Berrikitan, Eliza katolikoaren buru Frantzisko Aita Santuak ere genozidio hitza erabili du sarraski hura definitzeko, eta Europar Parlamentuak ere erresoluzioa onartu du Turkiari exijituz genozidioa onartu dezala.

Aitzitik, oraindik asko dira genozidioaz posizio garbirik azaldu ez duten Europar Batasuneko estatu kideak, tartean Espainia.

Eusko Legebiltzarrak 2007an onartu zuen armeniarren genozidioa salatzeko adierazpen instituzionala (pdf).