José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.
CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako ordungo zuzendari Félix Sanz Roldánek eta Israelgo Defentsarako Agintaritzako zuzendari Amir Kainek adostu zituzten akordio horren oinarriak 2011ko otsailaren 7an. Hiru urte eman zituzten hitzarmena borobiltzen eta 2014ko abuztuaren 12an indarrean sartu zen, Mariano Rajoy Espainiako presidente zela. Orduz geroztik Israelen eta Espainiako Estatuaren arteko armen salmentak sekretupean mantenduak dira. Zehazkiago, "defentsarako entitateei loturiko ekipamenduen eta ezagutza teknikoen salmentari" dagokio isiltasuna, eta horrek balio du gobernuen arteko kontratuentzat baita bi herrien arteko arma salmenta publiko zein pribatuentzat ere. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.
Armen salmentei buruzko informazioak sekretupean mantentzeko akordio horri buruzko desadostasuna egonez gero, ondokoa dio hitzarmenak: Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionalaren zuzendariak eta Israelgo Defentsa Ministerioko Segurtasun zuzendariak izango dutela "azken hitza".
Armen salmentari dagokionez, 1995az geroztik zegoen hitzarmenaren gogortzea ekarri zuen 2014ko akordioak: bost urterentzat balio bazuen ordura arteko hitzarmenak, "mugagabe" bihurtu zuten Rajoyk eta Peresek, eta eten ahal izateko bi aldeen adostasuna ezinbestekotzat jo zuten –ordura arte, idatzizko aurreabisua emanez gero, aldebakarreko erabakia izan zitekeen hitzarmenarekin bukatzearena–.
Iazko urriaren 7az geroztik armak Israelera bidaltzen segitu du Espainiako Estatuak. Centro Delàs egituraren datuen arabera, iazko azaroan 987.000 euroko salmentak bideratu zituen Israelera armagintzan dabilen Nammo Palencia enpresak. Armagintza aztertzen dabilen egitura independenteak argi du: "Biziki zaila da jakitea zer esportatu duen Espainiak, baina aurkitu eta identifikatu duguna biziki kezkagarria da". Israelen armen inportazioari dagokionez, berdin-berdin segitzen dute. Azken urtean, 1.027 milioi eurorentzako armak erosi dizkio Espainiako Estatuak estatu sionistari.