argia.eus
INPRIMATU
Armak saltzen jarraitzen du Europak herrialde gatazkatsuetan
  • Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herrialdeei armak saltzen jarraitzen dute Europako herrialdeek, nahiz eta eremu horietan gerra-egoeran dauden eta Nazio Batuen Erakundeak eta Europar Batasunak arma-blokeo partziala ezarri duten hainbatetan.

     

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 07a
BAE Systems arma fabrikatzailearen "Hawk" gerra-abioia. (Argazkia: Andrew P Clarke)

2008tik hona Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herrialdeei Europak saltzen dizkien armen kopurua handitu egin da. Armamentu hau bertako gerretan eta herritarren jazarpenean erabili ahal izan da.

2005-2014 hamarkadan Europar Batasuneko herrialdeek Ekialde Hurbilera eta Afrika iparraldera armak esportatzeko lizentziak 82.000 milioi euro baino gehiagokoak izan ziren. Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak izan ziren Europak saldutako armen bigarren eta hirugarren hartzaile nagusiak.

NBEk eta Europar Batasunak ezarritako arma-blokeoa Egipton, Iranen, Libian, Sirian, Somalian, Sudanen, Hegoaldeko Sudanen, Yemenen, Iraken eta Libanon ez da aski izan salmentak geldiarazteko. Haatik, esportazioak handitu dira, Transnational Institute erakundeak, arma salerosketaren aurkako Stop Wapenhandel ekimenak eta bakeari buruzko Centre Delás ikerguneak plazaratu duten Guerras de frontera txostenak erakutsi moduan.

Hurrengo taula txosten horretatik ateratakoa da eta Ekialde Hurbilera eta Afrika iparraldera eginiko armen esportaziorako lizentzien balioa erakusten du, milioika eurotan, 2005-2014 urteetan:

SIPRI ikerketa institutuak egindako ikerketak, bestalde, argitaratu du Ekialde Hurbilera egindako armen esportazioek %61 egin zutela gora 2006-2010 eta 2011-2015 urteetan. 2015ean Saudi Arabia izan zen munduko arma inportatzaile nagusia. Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Irak, Qatar, Aljeria, Israel eta Turkia lehenengo hogeien artean daude.

Guerras de frontera txostenak erakutsi du, gainera, Europako lehen arma-egile enpresa den BAE Systems eta Airbus, Finmeccanica eta Thales arma fabrikatzaileek, besteak beste, ez dituztela soilik lizentziak lortzen gerran dauden herrialdeei armak saltzeko, baizik eta, ondoren, gerra horietatik ihesi datozenei mugak ixteko kontratuak sinatzen dituztela, hortik ere negozioa eginez.