Legearen arabera udaltzainek armak erabili ditzakete, baina horretarako tokian tokiko udal gobernuen oniritzia behar dute. Hala, 2018ko urtarrilean egin du eskari ofiziala udaltzainen zuzendaritzak, eta alderdiek eta sindikatuek horren inguruan hausnartzeko sei hilabeteko tartea ezarri dute alkate-ebazpen bidez. Erabakia hartzeko, azken bost urtetako kriminaltasunari buruzko txostena eskatu du alkateak.
Ez da berria Arrasateko udaltzainen zuzendaritzaren eskaera hau. Azken urteetan, modu ez ofizialean, hainbat aldiz jarri dute gaia mahai gainean, eta azkenaldiko gertakari kopuruaren harira, lehen aldiz egin dute eskaera ofiziala 2018ko urtarrilean. Bertan, erabakia "ahalik eta azkarren" hartzea eskatzen diete politikariei, "gure segurtasunerako eta herritarren segurtasunerako".
Udaltzainen eskaera ofizialaren harira, Maria Ubarretxenak alkate ebazpen bat egin zuen otsailaren 2an, eta asteartean eman dute horren berri komunikabideetan. Ebazpenean aipatzen denez, "badirudi udaltzain guztiak ez daudela eskaerarekin ados", eta hori ikusirik, azken bost urteetako Arrasateko kriminaltasunaren eboluzioari buruzko txostena egitea eskatu du, alderdi politikoek eta sindikatuek gaiaren inguruan erabaki bat hartu dezaten. Udaltzaingoak sei hilabeteko epea izango du txosten hori egiteko, eta behin epe hori amaituta, Udaleko pertsonal batzordean hartuko litzateke armen erabileraren inguruko erabakia.
Alderdi guztien babesik lortzen ez badu eskariak ez du aurrera egingo, Arrasateko udal gobernuak adierazi duenez
Duela gutxi, Erne sindikatutik ere oharra helarazi dute komunikabidetara, Arrasateko politikariei gaiaren inguruan erabaki bat hartzeko eskatuz. Baina, Arrasateko udaltzainen ordezkaritza sindikala ez dagokio Erne-ri, Udaleko enpresa batzordeari baizik.
Udaltzainen zuzendaritzak bezala, enpresa batzordeak bat egiten du agenteen artean segurtasun falta dagoela adierazteko orduan. Baina euren ustez, konponbidea ez da armen erabilera, giza baliabide gehiago jartzea baizik. Batez ere, gaueko txandan. Hala adierazi zuten Etxaluzen zauritutako udaltzainari elkartasuna adierazteko kaleratutako oharrean.
Armak erabiltzeko prozesua
Alkate ebazpenean jasotzen denez, armak erabiltzeko oniritzi politikoa jasoz gero, udaltzainek azterketa bat gainditu beharko lukete Arkauten. Horrez gain, urtean bi aldiz tiro galeriara joan beharko lukete.
Pilota politikarien teilatuan
Aurrez esan bezala, politikarien oniritzia beharrezkoa da, nahiz eta legeak armen erabilera onartzen duen. Zinegotzien gehiengo sinplea nahikoa izango litzateke horretarako, baina Udal gobernuak aurrez esana du Udaleko alderdi guztien babes gabe ez duela erabakirik hartuko. Alkate ebazpeneko hirugarren puntuan, alkateak erreferentzia egiten dio kontsentsu horri: "Bideratze honekin lortu nahi da pertsonal batzordean gaia aztertzea, eta sindikatu eta gainontzeko alderdi politikoen adostasuna lortzea, gaiaren garrantzia ikusita ahalik eta kontsentsu zabalena izatea ezinbestekotzat jotzen baita".
Kontsentsu osoa lortzea ez da erraza izango, jada armen erabileraren aurkako iritziak agertu direlako. Publikoki bere iritzia adierazi duen lehen alderdia EH Bildu izan da. Zera adierazi dute euren Twitter kontuan Erne sindikatuak aterako oharraren harira: "Ez dugu bat egiten Ernerekin. Argudioz eta arrazoiz defendatuko dugu Udalean gure iritzia".
Albiste hau Xabi Gorostidik argitaratu du Goienan eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.