argia.eus
INPRIMATU
Armagintzari legez kanpoko diru laguntzak eman dizkiola onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta legea aldatzea proposatu du ematen jarraitzeko
  • Azaroaren 18an, Armen merkataritza eta esportazioa Euskadin izeneko txostena aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, “gardentasuna hobetzeko eta esportazioak kontrolatzeko”, besteak beste. Gasteizkoak talde antimilitaristak salatu du armagintzaren industria “zuritzea eta sustatzea” dela txostenaren gibel asmoa.

     

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko abenduaren 09a
Txostenaren egileak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, aurkezpen egunean. Argazkia: irekia.eus.

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eskatuta txostena egin du Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak: Armen merkataritza eta esportazioa Euskadin. EAEko erakundeen eginkizuna gardentasuna hobetzeko, esportazioak kontrolatzeko eta aplikatu behar den esparru juridikoa betetzeko. Azaroaren 18an aurkeztu zuten lana publikoki. Agiriaren egileez gain, bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzaren aldetik Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega.

“Heriotzaren euskal merkatariei” laguntza

Txostena mamitsua da, 94 orri ditu. Hedabide nagusiek arreta handia eskaini zioten aurkezpenari. Armen salerosketaren inguruan gardentasuna eta kontrola bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekimen bezala aurkeztu zuten gehienek.

Gasteizkoak talde antimilitaristak edukiaren analisia egin du, eta oso bestelako ondorioa atera du: “Made in Euskadi armamentu fabrikatzaile eta trafikatzaileekiko kritika soziala gero eta handiagoa denez, badirudi dokumentuaren azken asmoa dela zuritze etiko eta sozialeko operazio handi bat erraztea, diru edota hobariak gehituz. Eusko Jaurlaritza heriotzaren euskal merkatarien laguntza eta zerbitzura irteten”.

Europako eta Espainiako araudien ilunkeriak

Armen esportazioa arautzen dituzten lege eta kontrolak malguak dira Europan zein Espainiako Estatuan, txostenaren arabera. Negozioa egitea eta interes ekonomikoak giza eskubideen gainetik geratzen dira. Erraztu ez ezik, esportazioak izkutatu ere egiten omen dira, “ezkutuko salmentak” sustatuz:

“Ondorioztatu behar da armak ekoizten dituzten enpresen esportazioari buruzko datuak ez direla aduanetako erregistroetan jasorik geratzen administrazioak onartu egiten duelako beti hutsik ager daitezen aduana-tarifetako zenbait partida, hala nola gerrako armak edota lurreko ibilgailu militarrak (…) Funtsean, ezkutuko salmentak egitea da edo kalifikazio hori dagokio. Alegia, armen industriarekin zerikusia duten produktuen transferentziak edo salmentak egiten ari dira, Administrazioak baimena emanda haiek estal daitezen edo aduana-tarifetan dagokien kodea alda dadin, segurtasun-arrazoiengatik, produktuok detektatzeko edota haien arrastoari jarraitzeko modurik izan ez dadin”.

Made in Euskadi armamentu fabrikatzaile eta trafikatzaileekiko kritika soziala gero eta handiagoa denez, badirudi dokumentuaren azken asmoa dela zuritze etiko eta sozialeko operazio handi bat erraztea"

Eusko Jaurlaritzaren ustezko ezina eta egiazko ekina

EAEk arma esportazioa kontrolatzeko eskumenik ez duela ondorioztatzen du Globernancek, legediaren azterketatik: “Kanpo-merkataritzaren, armen eta arma-industriaren gaineko eskumena dela-eta txosten honetan azaldu diren arrazoibideen arabera, hasieratik azpimarratu beharra dago eskumen hori ukatu egiten zaiela autonomia-erkidegoei”. Gasteizkoak taldearen ustez, Jaurlaritzaren eskumen eza aitzakia bezala darabil txostenak. Dituen eskumenen barnean bada ere ilunkeriari eta kontrol ezari muga jarri diezaioketen neurririk ez du proposatzen. Are gehiago: armagintzaren euskal industriaren irudia hobetzea eta abantaila ekonomikoak lortzea bilatzen dute proposatzen diren neurri zehatzek. Aldi berean, txostenak onartu egiten du hainbat herri mugimenduk urteetan salatu dutena: Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du euskal armagintzaren industria, EAEko legediaren aurka eginez.

Kontrolik gabeko ziurtagiri etikoa

Txostenak EAEko armagintza industriarentzako “jokabide-kode etiko” bat sustatzea gomendatzen dio Eusko Jaurlaritzari: “Kode horretan [enpresak] bere balioak azalduko ditu, giza eskubide guztiak eta arloko legeria osoa, estatukoa zein nazioartekoa, errespetatzen dituela adieraziko du (…) Aipagai izan behar lituzke giza eskubideen, oinarrizko eskubideen, eskubide humanitarioen, lan-arloko eskubideen eta ingurumen-arloko eskubideen babesa eta ustelkeriaren eta eroskeriaren kontrako jardunbideak”.

Enpresa bakoitzak libreki erabakiko luke kodera atxikitu edo ez. Nahi izatekotan Jaurlaritzak ziurtagiria emango lioke, baina ez legoke sinatutakoa betetzen denaren inongo bermerik: “Kode etiko edo jokabide-kode hori ez litzateke ziurtapen-sistema bat izango (…) Hala, ez da kodean jasotzen ebaluazio-sistemarik, ez prozesuen garapenik, ez inplementaziorik, ezta haren gauzatzea eta emaitzak erakundearen barne-egituran egiaztatu ahal izateko bestelako prozedurarik ere”, dio txostenak.

Beste lurrralde batzuetako gerrak Euskal Herriko armagintzaren industrian hasten direla salatu dute hanibat herri mugimenduk azken hilabeteetan.

Armen merkataritza eta esportazioa Euskadin agiriak bestelako gomendioak ere egiten dizkio armagintzaren industriari, bere irudia hobetu dezan: “Euskal Autonomia Erkidegoko armamentu-industriari asko interesatzen zaio gizarte-erantzukizuna sustatzea eta ibilbide-orri bat ezartzea jarduera zehatzekin; hor tartean izan litezke (aukera batzuk baino ez dira aipatuko) enpresa dagoen tokian gizarte-bazterketaren arriskua duten kolektiboak laneratzea, ingurumen-estandarrak errespetatzea, giza eskubide unibertsalak errespetatzen dituela adieraztea, gardentasuna sustatzea (zentzuz eta EAEko Administrazioak ezartzen dituen gidalerroen arabera), eta, batez ere, bere produktuek trazabilitate egokia dutela bermatzea. Ekimen sozial-kultural-humanitarioren bat ere babes dezakete”.

Armen ekoizpenari jarduera “humanitario” motaren bat gehitzearen abantailak behin baino gehiagotan azpimarratzen ditu txostenak. Irudian zein poltsikoan, bietan izan ditzake onurak: “Enpresen GEKren [Gizarte Erantzukizun Korporatiboa] barruko jardueraren batzuk jarduera humanitarioak izan litezke. Jokaera horiek tratamendu fiskal onuragarria ekar lezakete, ospeari begira onura garrantzitsua ekartzeaz gain”.

" Txostenak argi egiten du armagintzaren eremuko euskal enpresei onura fiskalak ematearen alde"

Legez kanpoko diru laguntzak legeztatu eta handitu

Txostenak argi egiten du armagintzaren eremuko euskal enpresei onura fiskalak ematearen alde: “Sozietateen gaineko zerga murrizteko aukera tekniko-fiskala ere badago: enpresei zerga hori jaitsi ahal zaie beren gizarte-erantzukizuneko politikaren/estrategiaren barruan jardunbide egokietan inbertitzen duten neurrian”. Baina horretarako arazo bat dagoela onartzen du, EAEko legebiltzarraren 14/2007 legearen 3.3 artikulua aipatuz: “Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin.”

Jarraian, eta kritikarik egin gabe, lege hori urratu egin dela onartzen dute egileek: “Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait enpresa, hala ere, lider teknologikoak dira misil-sistemen ingeniaritzan, garapenean eta eraikuntzan, eta haien artean badira inteligentzia, zaintza eta arakatze lanetarako (ISR) berariazko aplikazioetan espezializatuta daudenak. Batzuek diru laguntza publikoak jaso izan dituzte beren jarduerak garatzeko”. Gasteizkoak taldearen arabera lehendabiziko aldia da Eusko Jaurlaritzak babestutako txosten batean urraketa onartzen dela, talde antimilitaristak sistematikoa dela salatzen badu ere.

Txostenak onartu egiten du emandako diru laguntzak eta txostenak berak proposatzen dituen diru laguntzak eta onura fiskalak 14/2007 legearekin “kontraesanean” daudela. Zer egitea proposatzen du horren aurrean? “Kontraesan hori lege-aldaketa egokien bitartez zuzendu beharko da”, dio txostenak. Hau da, legea aldatu egun legez kanpokoa dena –baina armagintzaren industriaren mesedetan egin egiten dena– legezko bihurtzeko. Gasteizkoak taldeak nabarmentzen duen moduan, ez du ematen oso jarrera koherentea modu arranditsuan aurkeztu zen txostenaren izenburuarekin: Armen merkataritza eta esportazioa Euskadin. EAEko erakundeen eginkizuna gardentasuna hobetzeko, esportazioak kontrolatzeko eta aplikatu behar den esparru juridikoa betetzeko. Birgogoratzea ez dago soberan: Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok aurkeztutako txostena, besteak beste.