argia.eus
INPRIMATU
Armagintzaren aurkako bizikleta martxa egingo dute apirilaren 10ean Bizkaian
  •  

    Hainbat talde antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek hamahirugarren Bizi Martxa antolatu dute apirilaren 10erako. Bilbotik Getxorainoko ibilbidea egingo dute, industria militarrarekin elkarlanean aritzen diren enpresa garrantzitsuenen aurrean elkarretaratzeak eginez.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 08a
Argazkia: Eguzki

Hamahirugarren Bizi Martxa Bilbotik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregitik abiatuko da larunbatean, 10:00etan, eta ondoren, “industria militarrekin elkarlanean diharduten Bilbo Handiko enpresa garrantzitsuen filialen aurrean” elkarretaratzeak egingo dituzte armagintzarena aurka. Zehazki, "Barakaldoko ITP Aero (lehengo Precicast PCB) eta Getxoko Sener enpresen aurrean".

Antolatzaileek euskal enpresak armagintzarekin ”gero eta inplikazio handiagoa” izaten ari direla salatu nahi dute, "osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan edo etxebizitza duin bat lortzeko aukeretan murrizketak ugaritu diren bitartean”. Horrez gain, ekoizpen militarra ekoizpen zibila bihur dadila eta arma-trafikoa buka dadila eskatzen dute.

Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ehun bat enpresa dira industria militarrarentzako ekoizten dutenak eta EAEk 600 milioi euro egiaztatzen ditu urtero industria honen bitartez. “Estatuan gehien fakturatzen duen hirugarren erkidegoa da, Madril eta Andaluziaren atzetik” adierazi dute taldeek.

Horregatik, "ekoizpen militarra zibila bihurtzea eta armen trafikoa amaitzea" eskatuko dute Bizi Martxaren bitartez. Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc, Komite Internazionalistak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak dira martxaren antolatzaileak.