argia.eus
INPRIMATU
Armagintzaren aurka gurpil biren gainean
  • Urtez urte egin izan duten moduan, hainbat kolektibok bizikleta martxa antolatu dute larunbaterako, hilak 23. Gurean armak fabrikatzen dituzten enpresen zein horiek finantzatzen dituzten instituzioen jarduna gaitzestea izango da helburua.

Uriola.eus @uriolaeus 2022ko apirilaren 21a
Argazkiak: Uriola

Ibilbide erraza izango da larunbatekoa, umeekin egiteko modukoa. 11:00etan abiatuko dira txirrindulariak Kale Nagusitik, Foru Aldundiaren jauregiaren aurrealdetik, zehazki. Hala, erakunde publikoek armagintza finantzatzen jokatzen duten rola salatuko dute. Horrela azaldu du Kakitzat koordinakunde antimilitaristako Luis de Jesusek: “Gastu militarra eta industria militarrerako laguntza publikoen bidez egiten den inbertsio izugarria salatuko dugu, ulertzen baitugu laguntza publiko horiek industria militarra eraldatu eta industria zibil bihurtzeko izan beharko liratekeela”.

Armagintzaren aurka gurpil biren gainean

“Gerra hemen hasten da” leloaren bidez ulertzera eman nahi duten bezala, armak eta gerrarako materiala fabrikatzen dituzten enpresak hemen bertan daude, EAE baita estatu mailan armetan gehien fakturatzen duen hirugarren erkidegoa. Hala, itsasadarraren alde banatan geldialdia egingo dute bizikleta martxan zehar, ITP (Barakaldon) eta Sener (Getxon) enpresen aurrean, hain zuzen. Horietako bakoitzean azalduko dute zer nolako materiala sortzen den fabrika horietan, eta zein gatazka eta herrialdeetan erabiltzen diren.

Ukrainako gerra da gaurkotasuneko albisteetan pisurik handiena duena gaur egun, baina gogorarazi dute une honetan 55 direla munduan zehar gatazkan dauden herrialdeak. “Ukrainari soilik begiratzen diogu, hurbil daukagulako, eta oso larria da, baina ezin ditugu ahaztu gainerako gatazkak eta horietan dugun erantzukizuna”. De Jesusek gogorarazi duenez, “hemen armak egiten ditugu beste herrialde batzuetan erabili eta jendea hiltzeko”, eta Yemen jarri du adibide gisa.

Gauzak horrela, gaitzetsi dute Pedro Sánchezen gobernuak armadarako aurrekontua 6.500 milioi eurotan areagotzea erabaki izana eta 10.000 milioi euro gehiago xahutu izana armetan: “Zifra beldurgarriak dira, aintzat hartuta gaur egun agendan egon beharko liratekeenak oinarrizko beharrizanak, osasungintza eta hezkuntza bezalakoak izan beharko liratekeela”.