Euskal Herriko Itzuliaren testuingurua baliatzea erabaki dute hainbat talde ekologista, internazionalista eta antimilitaristak 'Gastu Militarra eta Armagintzaren kontrako 8. Bizi Martxa' aurkezteko. Apirilaren 11n, Precicast eta Sener armagintza enpresen egoitzetatik ibilbidea egingo dute.
Martxa 11:00etan hasiko da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurretik. Handik Barakaldoko Precicast militar lantegira hurbilduko dira txirrindulariak, Getxoko Sener enpresaren aurrean bukatzeko.
Ekimen honekin "salaketa bikoitza" egin nahi dute Bizi Martxaren deitzaileek. Alde batetik, gastu militarrerako eta armagintza bultzatzeko "euskal instituzioek gero eta diru gehiago desbideratzen dutela adieraztea" eta, beste aldetik, "euskal armagintza eta Israelgo armadaren artean dagoen harremana azaleratzea".
Espainiao Estatuan aurtengo gastu militarra 23.374 milioi eurora iritsiko dela aurreratu dute talde antimilitaristek. Kalkulu honetan ministeritza ugari eta departamendu anitzetako gastu militarrak sartuta daude. Horri gehitu behar zaio armen negozioarekin estatuak duen zorra, hain zuzen ere, beste 40.000 milioi euro gehiago.
Euskal armagintzan 100 bat enpresek parte hartzen dute. Estatuko %15-20 inguru Euskal Herrian kokatuta dago.
Euskal Herriko armagintza enpresek urtero gutxi gorabehera 700 milloi euroko material militarra saltzen dute. Erosleak mota askotakoak dira: Estatuko defentsa eta armadaren ministeritza, AEB, Ingalaterra, Maroko, Israel, Egipto, Brasil, Mexiko eta Argentina. Negozio honen etekin ekonomikoak 125 milioi eurokoak dira.
Sener eta Precicast
Kakitzat koordinadorak Getxoko Sener enpresa adibidetzat jartzen du. "Israelgo Israel Aircraft Industries LTD enpresarekin lankidetza konpromisoa dauka, material aereonautiko berriak diseinatzeko, Vulcan programaren barruan, eta negozio hauen zenbatekoa 5 milioi eurokoa da".
Sener enpresak Armadaren ibilgailuak berrizten ere parte hartzen du: Espainako armadaren Augusta Bell (AB112) helikopteroak, Lurreko Armadaren ibilgailuen sistemak eta Aireko Armadaren hegazkinen motorren mantenua, besteak beste.
Sener Europan enpresa liderra da, esaterako, hurrengo arloetan: Ekintza eta Kontrola sistemetan, eta taurus KEPD 350, IRIS-T, RBS 70 NG, METEOR eta NSM misilentzako Inteligentzia, Zaintza, Ezagutzea eta Sistema Integratuak aplikazioetan.
Talde antimilitaristek beste enpresa bat ere "salatuko" dute, Barakaldoko Precicast, ITP taldearen barruan dagoena, eta "Airbus A400M militar garraiorako hegazkinaren eta europear guda hegazkinaren hainbat pieza egiten duena".
Diru kopuru "oso handia"
Instituzioek Armagintzara bideratzen duten diru kopurua "oso handia" da, "beste arlotan murrizketak pairatzen ditugun bitartean, adibidez, beste arlo produktiboak eta gizartearen onerakoak direnak".
Senerrek, azken bi urtetan, Eusko Jaurlaritzatik 2 milioi euro jaso ditu.
Precicastek, Gaitek programari esker, 200.000 euro inguru jaso ditu (zehazki 198.665 euro).
ITPk, Industria Ministeritzatik, 4,5 milioko laguntza ekonomikoa jaso du, "arlo estrategikoetan konpetibitatea bultzatzeko", ITP-Global 400 planaren baitan.
Orbearen ardibidea erreferentzia
Armagintza "industria zibila" bihur dadila eskatzeko antolatu dute zortzigarrenez Bizi Martxa.
Talde antimilitaristek aldaketa posible dela diote. "Holako gauza bat gertatu zen Euskal Herrian duela urte batzuk: Orbea enpresa hasi zenean armak egiten zituen, hain zuzen ere pistolak, errebolberrak eta arma motz ugari. Baina gero aldaketa izan zuen eta bizikletak egiten hasi zen. Orbearen adibidea kontuan hartuta, enpresa hauentzako gauza bera eskatzen dugu".
[Albiste honen jatorrizko bersioa Bilboko Uriolan argitaratu da eta webgune horren CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra]