argia.eus
INPRIMATU
Armagintza eta klima aldaketa lotuta daudela ondorioztatu du Delàsen txostenak
  • Delàs Bakearen Ikerketa Zentruak kaleratutako txostenak azaltzen du zer harreman dagoen armagintzaren eta klima aldaketaren artean: munduko armen %97,8 sortzen eta esportatzen dituzten 23 herrialdeek sortzen dute mundu osoko berotegi efektuko gas emisioen %67,1.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 09a
Argazkia: Delàs zentruaren txostenetik hartua.

Delàs Bakearen Ikerketa Zentruak argitaratu duen txostenak, seinalatzen du kapitalismo globalak indar armatuak erabiltzen dituela baliabide ez berriztagarriak eskuratzeko: "Eta beharrezko badu, errepresioa erabiliko du lur horietan bizi diren komunitateek expolioaren aurka egindako erresistentzien aurka". Urtez urte, estatuek beren gaitasun militarrak handitzen jarraitzen dute, beren ekonomiak aipatutako moduan garatzeko beharrezko baitute.

"Segurtasun militarizatuak" ingurumen krisia okertzen du

Txostenak salatzen du "segurtasun militarizatuak" demokratikoak ez diren eragileak babesten dituztela, hau da, ustiatzaile transnazionalak, finantza erakunde handiak, industria militarra... eta hauen helburua etengabeko hazkundea eta berauen jabe diren gutxi horiek aberastea dela. Bidean, gizarte orekak eta oreka ekologikoak suntsitzen dituzte. "Gutxi batzuen babesak kanpo uzten ditu gehiengo zabalak, 'segurtasun nazionala' deitzen zaion horren bidez. Babes hau ezinbesteko dute, zeren bestela, baliabideak irensten dituen eta planeta mehatxatzen duen sistema honek ezingo luke existitu".

Datu hauek eman ditu Delàsek: Munduko armen %97,8 sortzen eta esportatzen dituzten 23 herrialdeek munduko biztanleriaren %35,48 soilik dute baina hauetan daude munduko 50 eragile ekonomiko oso indartsu, munduko 63.000 enpresa transnazional kontrolatzen dituztenak (transnazional guztien %39,78), eta horiek sortzen dute mundu osoko berotegi efektuko gas emisioen %67,1.

Delàsek ondorioztatu du "segurtasun nazionala" terminoarekin eta argudio bezala "interes nazionala zaintzea" erabilita, benetan babesten dena korporazio handietako eliteen interes ekonomikoa dela, baita industria militarra mugitzen duten haien aberaskeria ere.

14 milioi kotxek adina ke isurtzen du Europaren armagintzak

Karbono aztarnaren datu hauek ematen ditu txostenak: Europar Batasuneko gastu militarrak 2019an 24,8 milioi tCO2 sortu zituen, hau da, urtean 14 milioi kotxek sortzen duten karbono kopurua adina.

Gainera, agerikoa da gerrak sortzen dituen hondakin toxikoek lurrak, urak eta airea kutsatzen dituztela epe luzerako, eta horiek ondorioak dituztela landare eta animalien bizitzetan.

Operazio militarrek ekosistemetan eragiten dituzten kalteek ekosistemak aldatzea eragin dezakete: bizlekuak suntsitzea, gaixotasunak ugaritzea, bizidunak hiltzea eta hainbat espezie desagerraraztea.

Txostena osorik irakurtzeko, klikatu hemen.