argia.eus
INPRIMATU
Armada sionistak “geldialdi taktikoak” hasi ditu Gazako errepide nagusian, Netanyahuren iritziaren aurka
  • UNRWAk salatu du erasoek jarraitzen dutela Rafah-n eta ez direla aldatu operazio militarrak. Netanyahuk gerra kabinetea desegin du, dimisioen ondorioz.

Jon Hidalgo Gereñu 2024ko ekainaren 18a
Palestinarrak hondakin artean, Al-Aqsan, martxoaren 31n. / Argazkia: Majdi Fathi / NurPhoto / AFP.

Israelgo Armadak jakinarazi du egunean 11 orduz “geldialdi taktikoa” egingo dutela, hau da, ez dutela erasorik egingo Gaza hegoaldea eta iparraldea lotzen dituen errepidean, “laguntza humanitarioaren garraioa errazteko”. Benjamin Netanyahu lehen ministroak adierazi du “onartezina” dela armadaren erabakia, eta planaren aurka agertu da. Aditu batzuen arabera, agerian geratzen ari dira Netanyahu eta agintari militarren arteko desadostasunak.

UNRWAk salatu du erasoek aurrera jarraitu dutela, bai Rafah-n bai Gazako beste hainbat zonaldetan, armadak geldialdiak iragarri ondoren ere. Israelen operatiboan “oraindik ezer ez dela aldatu” ohartarazi du nazioarteko erakundeak. Armada sionistak berak argitu du “operazio normalak” mantenduko dituztela Rafah-n, Gaza hegoaldean.

Rafah-ren aurka ari da oldartzen gehien Israel azken asteetan. Larunbatean zortzi soldadu israeldar hil dira bertan, eta dozenaka palestinar hil eta ehunka zauritu dituzte. Azken sei asteetan 1,3 milioi pertsonak ihes egin behar izan dute Rafah-tik. UNRWAk jakinarazi du 65.000 pertsona gelditzen direla Rafah-n, “duela sei aste 1,4 milioi inguru ziren”. Urritik 37.347 pertsona hil dituzte sionistek Gazan, eta 85.372 zauritu, azken datuen arabera.

Gerra kabinetea desegin du Netanyahuk

Genozidioaren hasieran, Hamasen urriaren 7ko erasoen ostean, gerra kabinetea osatu zuen Netanyahuk, Benny Gantz aurkari politikoa eta beste agintari batzuekin batera, “batasun nazionala” irudikatu nahian. Azken astean, baina, Gantzek eta kabineteko beste kide batek dimisioa aurkeztu dute, lehen ministroarekin desadostasunak argudiatuta Gazan jokatzeko moduari buruz eta, batez ere, “gerra” osterako plan faltagatik.

Kabineteko kide horien dimisioaren ostean presioak jasan ditu Netanyahuk, eskuin muturreko ministroak sartu zitzan gerra kabinetean. Bezalel Smotrich eta Itamar Ben-Gvir ministroek, biek eskatu dute bertan parte hartzea. Baina Netanyahuk kabinetea bera desegitea erabaki du, argudiatuta Gantz eta “zentristak” gabe ez duela zentzurik tresna hori mantentzeak. Hemendik aurrera gertuko talde txikiago batean erabakiko ditu Netanyahuk genozidioaren nondik norakoak. Hainbat adituren arabera, ez da aldaketa handirik espero kabinetea desegin ostean ere.