argia.eus
INPRIMATU
barra warroak
Arma, tiro, pun
Behe Banda 2025eko otsailaren 24a
Behe Banda

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki, baina ez guztiz. Irmo, baina ez irmoegi. Zuzen, baina ez zuzenegi. Haserretzen dena haserretu dadila lau mila karaktereak irakurri ostean behintzat. Ironia ere bere puntuan. Arma, tiro, pun.

Eta badakit argi, zehatz, soil, polit, elegante eta egoki idatzi arren, batek baino gehiagok esango duela kontatzera noan hau neurrigabeko wokismoaren albo-kaltea baino ez dela, mozteko buru bila dabiltzan Robespierre postmodernoen odol-gosea. Bakean dagoena bakean utzi eta kontatu zure arazoak burkoari, edo horrelako zerbait. Beste batzuk hori bera pentsatuagatik ez dute ezer esango.

Ez dut ulertzen eta ez dut partekatzen.

Haserretik eta beldurretik kontzientzia sortu, kontzientzia politiko bat. Eta helburu bat finkatu. Hori egiteko bidea? Asanblada. Gasteizko Letren Fakultatean egin dute, Leioan ere ari dira.

Logela askotako burko askok istorio asko entzun dituzte jada. Nik ez dakit ezer noski, baina imaginatzen dut urteotan egon direla Gasteizko Letren Fakultateko irakasle baten ingurukoak entzun dituzten zenbait burko. Bulego antzu batean birjina ote zaren galdetzen dizun zurrumurru bat, Nabokov-en Lolita irakurri bitartean eskua hankartean izan dezazula dioen beste bat. Begirada inozoak eta irribarre salatariak, baina hemen ez da ezer gertatu.

Leioa aldean ere egongo dira Zientzia Fakultateko irakasle baten ingurukoak entzun dituzten burkoak. Tutoretza bat eskatu eta zita erromantiko bat eskaintzen dizunetakoa omen da hori, fisika eta fisikoa nahasten dituen sinpatiko bat askoren ustez. Begirada inozo eta irribarre salatari gehiago, baina hemen ere ez da ezer gertatu.

Eta erdian gu, hogei urte inguruko emakume gazteak, ikasleak, berrogeita hamar zentimetroko altueran dagoen ikasgelako eszenatoki txikiak zehazten duen botere harreman baten mende, jasaten ditugunak burkoari kontatuz. Baina arazoa da burko batek ez duela erantzuten, ez duela arakatzen eta ez duela problematizatzen. XX. mendeko literaturaz mintzo zaizun horrek gerria ukitzen dizun aldiro beldurra sentituko duzu, ezinegona, amorrua akaso. Ezer gutxi lor daiteke ordea sentimentalera mugatuz gero, abiapuntu bat baden arren.

Nola baliatu sentiarazten digutena? Erantzuna ez da horren konplikatua, borondate politikoaren faltan gauzatzea bereziki zaila izan badaiteke ere. Sentimenduak arrazionalizatu beharra dago, gertatu zaizun hori kasu isolatu batetik haratago doan zerbait dela argi izan, marko teoriko batekin lotu, partekatu. Haserretik eta beldurretik kontzientzia sortu, kontzientzia politiko bat. Eta helburu bat finkatu. Hori egiteko bidea? Asanblada.

Gasteizko Letren Fakultatean egin dute, Leioan ere ari dira.

Eta noski, agertu dira irakasle horiek defendatzen dituzten beste irakasle batzuk, eta ikasleren bat ere bai. Bla, bla, bla. Ezagutzen dut eta ez luke inoiz horrelakorik egingo. Bla, bla, bla. Gauzak bere lekutik ateratzen ari zarete. Bla, bla, bla. Hau onartezina da. Esperientziak erakutsi digu EHUk horrelako kasuen kudeaketa ez daramala bereziki ondo.

Baina tira. Euria ari du eta hasi dira zizareak lurpetik irtetzen. Guk, hogei urte inguruko emakume gazteok, ikasleok, hartu ditugu katiuska horiak eta hasi gara lokatzetan saltoka. Belaunetaraino zikinduko gara agian, baina gure plastikozko zoletan bukatuko dute zizareek, zimu-zimur eginda.

Eta orduan bai, orduan baga, biga, higa, arma, tiro, pun, txispun.