Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI.
Azken hilabeteetan Europako politikari ugarik aipatu izan dute "gerra mehatxua" euren diskurtsoetan, eta horrek onurak besterik ez dizkie ekarri industria militarrari eta hor parte hartzen duten enpresei nahiz inbertitzaileei. Hala berretsi du International Campaign to Abolish Nuclear Weapons eta Herbehereetako PAX erakundeek aurkeztutako txosten batek: 2024an arma nuklearren industriarekin lotura izan zuten 24 enpresa aztertu dituzte eta 260 finantza erakunderekin dituzten maileguen, bonoen, kredituen eta akzioen bidez neurtu dute euren parte hartzea.
Espainiako enpresei dagokienez, BBVA, Santander bankua eta Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea (SEPI) daude zerrenda horretan. Santander bankuak 4.319 milioi euro ditu mailegu eta abaletan arma nuklearrekin loturiko enpresekin –2023an baino ia 2.000 milioi gutxiago–, BBVAk 2.772 milioi euro. Espainiako Estatuak enpresa batzuetan dituen akzioak kontrolatzeko erabiltzen duen erakunde finantzarioa da SEPI, eta 4.527 milioi euro ditu akzio eta bonotan banatuta arma nuklearren negozioa sustatzen duten enpresetan.
2024an egin zuten txostenarekin alderatuta, bi banku erori dira aurtengo zerrendatik: Sabadell bankua eta Caixabank. Lehenak 2023an arma nuklearren industrian ia 10 milioi euro mailegutan zituen, eta bigarrenak 105 milioi. Industria horrekin loturak zituzten instituzio finantzarioen kopurua murriztu egin da 2024an: 287tik 260ra, baina inbertsioen balioa burtsan igo egin da, gehienbat azken hilabeteetan Europan nahiz mundu osoan hazten ari den tentsio belikoaren ondorioz.
Palestinako genozidioaren sustatzaile
Kataluniako Delàs zentroak 2024ko urrian aztertu zuen BBVA eta Santander bankuek duten parte hartzea milaka palestinarren sarraskian: Israelera armak esportatzen dituzten hainbat enpresarekin 2.326 milioi zituen Santander bankuak mailegu, kreditu eta akziotan, eta 1.428 milioi euro BBVAk.