Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena.
AEBek emandako ATACMS misilekin eraso egin dio Ukrainak Errusiari, muga egiten duen Errusiako Briansk eskualdean, baita Ingalaterrak emandako Storm Shadow misilekin ere, Kursk eskualdean.
Irismen luzeko misilak baliatzeko baimena eman zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri azaroaren 17an AEBetako Joe Biden presidenteak, hortik urrats berri bat emanez Ukrainaren alde. Mahai gainean zegoen aukera jadanik irailean eta orduan ere argi utzi zuen Putinek: "NATOko herrien zuzeneko esku-sartzea litzateke urrats hori". "Egoera berri batean" direla erranik, berehala eman du bere erantzuna Errusiak: arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Putinek. Horrez gain, pertsonen kontrako minak Ukrainaren esku uztearen alde ere agertu da Joe Biden, oinez aitzinatzen diren errusiar soldaduei eraso egin ahal izateko. Mina horien erabilpena debekatzen duen 1997ko hitzarmena ez dute izenpeturik AEBek –ordea, mundu mailako 164 estatuk bai–.
Kremlinen webgunean jarri dute ikusgai doktrina militarrean egindako aldaketak biltzen dituen dokumentua. Irizpide berriei segi, Errusiak arma nuklearrarekin erantzuten ahalko die "etsaien" erasoei, baldin eta arma konbentzionalak erabilita egindako erasoak "mehatxu larriak" badira nola Errusiaren hala Bielorrusiaren burujabetasunerako eta lurralde batasunerako. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ireki lezake bidea.
Dena dela, doktrina militar eguneratuan Errusiak berretsi egiten du "disuasio tresna" gisa ikusten duela arma nuklearra, eta zehazten du "muturreko neurri bat" litzatekeela erabilpena.
Errusiak misil balistiko batekin eraso egin izana salatu du ostegun goiz honetan Ukrainako armadak. Astrakhan eskualdetik jaurtiki izana zehaztu du Ukrainak, baina oraingoz ez du informazioari buruz iharduki Errusiak. Konbentzionalak edo nuklearrak izan daitezke arma horiek.