argia.eus
INPRIMATU
Arma nuklearrak eta erreferentzia falikoak: kontua ez da Trump-en txioekin hasi
  • “Nire botoi nuklearra askoz handiagoa eta ahaltsuagoa da”, adierazi du Twitter bidez Donald Trump AEBetako presidenteak, Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari erantzunez. Askoren arreta deitu du Trumpen jarrerak, baina Anoosh Chakelian-ek New Statesman-en nabarmendu duenez, hizkera faliko hori ez da berria arma nuklearren alorrean.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 03a
Donald Trumpek Kim Jong-un ohartarazi du: "Nire botoi nuklearra askoz handiagoa da".

Chakelianek gogora ekarri du Carol Cohn unibertsitateko irakaslearen 1987ko liburu bat, Sex and Death in the Rational World of Defense Intellectuals (Sexua eta heriotza defentsa alorreko intelektualen mundu arrazionalean). Saiakera horretan aztertu zuen hizkera militarrak maiz hartzen dituen konnotazio sexualak, bereziki arma nuklearren eremuan.

“Bonba atomikoaren historia bera ere, bete-beteta dago sexualitate maskulino konpetitibozko irudiz”, idatzi zuen Cohnek.

Arma nuklearrei buruzko udako ikastaro batean egon ondoren ohartu zen irakaslea esparru horretako hizkerak maiz hartzen zituen esanahi sexualez. “Penetrazio laguntzak” bezalako espresioak erabiltzen zituzten; “zulorik onena” aipatzen zuten –“ez duzu hartuko misilik politena eta zulo itsusi batean sartuko”–; eta konnotazio horiek oso agerikoak egin zitzaizkion Indiaren lehenbiziko leherketa nuklearraz aritzean, “birjintasuna galtzea” aipatu zutenean.

Antzeko ondorioetara iritsi zen handik pare bat urtera argitaratutako liburuan Robert L. O’Connell ere: Of Arms and Men: A History of War, Weapons, and Agression (Armak eta gizonak: gerrari, armei eta erasoei buruzko historia bat). O’Connell-ek gaur egungo armagintzaren “izaera falikoa” nabarmendu zuen eta harritu zen ikustean armen tamainari buruzko konparazioek zenbateko garrantzia hartzen zuten, “esplikazio arrazional hutsetik harago” zegoen zerbait zela ondorioztatuz.

“Beraz, gerraren historia ez baldin bada pitilin-astintzearen historia baino askoz gehiago, zentzu handia eduki dezake humanitatearen etorkizunarentzat hauteskundeetan emakume bat hautatzeak”, idatzi du Chakelianek artikuluaren amaieran.