Gerraren, gastuaren eta industria militarraren aurkako Hamahirugarren Bizi(kleta) Martxa egin dute apirilaren 10ean, Bilbon. Gastu militarra eta arma trafikoa amaitzea eskatu dute beste behin.
Bizkaiko talde antimilitarista, ekologista eta internazionalistek antolaturiko Martxak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, “salatzea gero eta inplikazio handiagoa dutela erakundeek sektore honetako euskal enpresekin, baina murrizketak egiten direla osasungintzan, pentsioetan, berdintasun-politikoetan, gizarte-prestazioetan edo COVID-19 pandemiak gutxiagoturiko aukeretan”, eta bestetik, “eskatzea ekoizpen militarra ekoizpen zibila bihur dadila eta arma-trafikoa buka dadila”.
Bizikleta martxan antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro inguruko dirulaguntza ematen du industria militarrerako, batez ere sektore aeronautikoari lotuta –Barakaldon filial bat duen ITP Aero enpresa da horren adibide–, eta EAEk 600 milioi euro egiaztatzen ditu urtero industria militarraren bidez. Are, Espainiako Estatuan gehien fakturatzen duen hirugarren erkidegoa da EAE, Madril eta Andaluziaren atzetik, diote Martxaren antolatzaileek.
Yemengo herriaren aurka erabiltzen diren armak
“Euskal ekoizpen militarrean ehun enpresak hartzen dute parte eta produkzioaren %80 Saudi Arabiara bideratzen da, Yemengo herriaren aurka arma horiek erabiltzen dituena”, salatu dute Martxako kideek.
Hain juxtu, Delàs zentroak bankuen eta arma industriaren arteko lotura aztertu du aurten ere, eta El Salton jaso dutenez, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerrietako armadei armak saldu dizkien enpresetara 607.0000 milioi dolar bideratu dituzte nazioarteko bankuek. 2015-2019 urteetan bideratu zuten dirutza hori, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerriek Yemengo herritarren aurka eraso egin zuten urteetan. Aipatzen diren Europako bankuen artean daude Deutsche Bank, Barclays, BNP Paribas, Bankinter, Sabadell eta Bankia, besteak beste. Eta Espainiako Estatuko bi banku handienek, BBVA eta Santander bankuak, 5.321 milioi dolarrekin finantzatu dituzte enpresa hauek, Delàsen ikerketak jasotzen duenez.