argia.eus
INPRIMATU
Arma biologikoen borroka diplomatikoa Ukrainako gerran
  • Arrisku biologikoa bere lekua ari da hartzen Ukrainako gerran; AEBek eta Erresuma Batuak adierazi dute Errusiak arma biologikoak erabili ditzakeela, eta Errusiak salatu du AEBek arma biologikoak finantzatu dituela Ukrainan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 11

Duela bi aste baino gehiago hasi zen Errusiako armada Ukrainako lurraldean sartzen, eta jada abian da arma biologikoen borroka diplomatikoa.

Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak adierazi dute Putinek arma biologikoekin edo kimikoekin erasotzeko arriskua dagoela, eta Erresuma Batuko Kanpo Ministroak, Liz Trussek, gehitu du Errusiak lehenago horrelako armak erabili dituela.

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak, Igor Konashenkovek, salatu du Amerikako Estatu Batuek arma biologikoen garapena finantzatu dutela Ukrainan. Errusiako Kanpo Ministroak, Sergei Lavrovek, adierazi du Ukrainan AEBek finantzatutako 30 biolaborategi inguru daudela: "Guztiz salagarria da Pentagonoa bere diruaz sortutako laborategi biologikoekin egiten ari dena, ostera arma biologikoak egiteko balio dezaketen patogenoekin esperimentuak egiteko Ukrainako lurraldea erabiliz".

Azkenik, Ukrainan difteria, errubeola eta tuberkulosi kasuak igo direla adierazi du Igor Kirillov Errusiako Defentsa Erradiologiko, Kimiko eta Biologikorako arduradunak.

Munduko Osasun Erakundeak Ukrainari gomendatu dio herrialdeko laborategi ezberdinetan dituen "arrisku handiko patogenoak" suntsitzea, edozein isuri potentzial saihesteko.

AEB: "Gezur lotsagabea"

Etxe Zuriko bozeramaileak, Jen Psakik, adierazi du "gezur lotsagabea" dela AEBek laborategi biologikoak finantzatu izana. Horrez gain, salatu dute adierazpen hauekin Errusiak bandera faltsuko operazio bat egin nahi duela.

Hala ere, AEBetako Nazio Inteligentziako zuzendariak atzo Senatuan baieztatu zuen Ukrainako laborategi biologikoak laguntzen ari zirela: "Uste dut Ukrainak dozena bat inguru laborategi biologiko dituela, Ukrainaren biodefentsa eta osasun publikorako defentsa hobetzeko. Uste dut AEBetako gobernuaren laguntza herrialde horien biodefentsa mantentzeko izan dela, eta herrialde askotan egin dugu hau".

Hau bera Txinako Kanpo Harremanetarako Ministroak salatu zuen duela gutxi: "AEBek 336 laborategi dituzte 30 herrialdetan haien kontrolpean; horietako 26 Ukrainan. Bere herrialdean eta atzerrian duten jarduera militar biologikoaren inguruan informatu behar lukete, eta egiaztapen multilateralaren azpian jarri".

AEBen ikerketa biologikoak

Sputnik News hedabideko kazetariek AEBetako dokumentu batzuk ikertu dituzte, eta adierazi dute Pentagonoa saguzarrekin esperimentuak egiten egon dela Georgian eta Ukrainan, Errusiako mugatik gertu.

Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, AEBetako dokumentu hauek garbi uzten dute Ukrainako laborategi biologiko hauetan saguzarren koronabirus laginekin esperimentuak egiten zituztela. Horrez gain, Ukraina eta Errusia artean migratzen duten hegaztien bidezko patogenoen transmisioa ere ikertu zuten laborategi hauetan, Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramailearen arabera.

 

 

 

Argazkia: RIA Novosti