argia.eus
INPRIMATU
Arma atomikoak debekatzeko negoziaketak hasi dituzte Nazio Batuen Erakundean
  • Aste honetan zehar, martxoaren 27tik 31era, arma atomikoen debekuaz adostasunera iristeko negoziaketen lehen saioak ari dira burutzen New Yorken NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian. NBEko batzar nagusiak abenduan herrialdeen gehiengo handiaren botoz erabakitako negoziaketak dira. Potentzia atomiko handiak boikotatzen ari dira negoziaketa historikoa eta hedabide nagusietan ez da haren oihartzunik entzuten.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko martxoaren 30a
Biltzarrean parte hartu duten agintarietako bat da Eskoziako lehendakari Nicola Sturgeon, argazkian Hiroshimako bonba atomikoaren superbibienteekin ageri dena. (Argazkia: ICAN)

2016ko urriaren 27an, urte luzetako lanen ostean, NBEren Armagabetze eta Segurtasun batzordeak bozkatu zuen gerra nuklearraren debekua itun bihurtzea. Lurra planeta osoko 123 estatuk eman zuten baietza baina ezezkoan tematu ziren potentzia nuklearrak, tartean, bonba atomikoa aspalditik daukan Frantziak eta NATOen kide izateagatik arma nuklearren erabileran esku hartzen duen Espainiak, NBEan euskaldunak ere ordezkatzen dituztenak.

Urriko bozketa historikora iristeko sei urtez lana beltz egin behar izan dute mugimendu bakezaleek eta gerra atomikoaren kontra mobilizatzen diren militante eta pertsonalitate ezagunek. Rebecca Johnson ekintzaile pazifista eta berdeak Open Democracy gunean azaldu duenez, 98 herrialdetako 440 gizarte erakunde aritu dira gaia astintzen ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainarekin batean, 15 Nobel saridunek sustatuta.

Aste honetan burutzen ari diren negoziazioen jarraipen oso gertukoa egiten du ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Kanpaina erakundeak bere webean. Parte hartzen ari dira mundu osoko gobernu eta administrazioetako ordezkari politikoak baina baita herri mugimendu asko ere. Deialdian azpimarratu zuten debekuen inguruko adostasunera iristearen urgentzia larria:  "Arma atomikoek dakartzaten arriskuak onartezinak dira, pentsaezinezko katastrofe bat saihesteko modu ziur bakarra da armok osoki desegitea. Arma nuklear bakar batek suntsitu dezake hiri oso bat bere biztanle gehienak hil eta bizirik ateratakoei laguntzea ezinezko eginez. Gerra nuklear batek ordu bakar batean jende gehiago hil lezake II. Mundu Gerra osoan hil zutena baino”.