Guardia Zibila Zubietako erraustegiko lau arduradun ikertzen ari da, maiatzean Arkaitzerrekan hainbat arrain amoniakoz kutsatuta hiltzearen erantzukizunak dagozkielakoan. Ikertzaileen arabera, Arkaitzerrekan gertatua ez zen une bateko isuri txikia izan: lau egunez luzatu zen eta amoniakoz kutsatutako 2.200.000 litro ur hustu zituzten erraustegitik Arkaitzerrekara.
Guardia Zibilak Europa Press agentziaren bidez zabaldu duenez, ingurumen delituetan berezitako haren Seprona saila ari da ikertzen Arkaitzerrekan joan den maiatzean gertatutako kutsadura, Donostiako Auzitegiko 5. Epaitegian gaia daraman epailearen aginduz. Espainiako poliziek Europolen laguntza ere behar izan dute, Gipuzkoako erraustegiaren jabe diren sozioen artean Espainiakoa ez den enpresa bat dagoelako, indar handieneko bazkidea hain zuzen.
Zientoka aingira eta bestelako arrain hil zituen kutsadura amoniakoak eragin zuela ezaguna baldin bazen, Sepronako agenteek Amonio deitu operazioan egindako ikerlanak argitara atera ditu isurketaren hainbat xehetasun jakingarri. Isurketa, ikertzaileen aburuz, ez zen une bateko istripu arin baten ondorioa izan, aitzitik, lau egunez luzatu zen amoniako isurketa eta susmoa dute, gainera, maiatzean Zubietako herritarrek salatutakoa ez zela lehenbizikoa izan, aurretik gutxienez beste bat gertatu zela bertan.
Erraustegiko arduradunek egun haietan aitortu zuten kamioi bat deskargatu ondorengo garbiketa prozesuan ihes bat gertatu zela bertan eta instalazioen erabilera oker batengatik zisternaren edukia errekaraino iritsi zela. Orain Guardia Zibilak azaldu duenez, operazioa zuzentzen zuten teknikariek ez zioten garrantzirik eman isuriari eta eraikinaren beraren prozedurak urratu zituzten.
Baina, gainera, agenteak ohartu dira erraustegiak berak husten dituen uren pH-a neurtzeko sistema aktibatu gabe zegoela; horrela ezin detektatua amoniakorik, hau % 25eko kontzentrazioan isurita ere.
Ikertzaileen arabera, Arkaitzerrekan detektatutako amoniako kopurua legez baimendutakoa baino 220 aldiz handiagoa zen eta horrek eragin zuen errekako arrain guztiak hiltzea. Gutxi gorabehera 2.200.000 litro ur amoniakoz kutsatuak isuri ziren Arkaitzerrekan.
Nabarmentzekoa da Donostiako lur-eremuan gertatutako ingurumen delitu baten ikerketa Guardia Zibilak eramatea, eta bada arrazoi bat horretarako: Ertzaintzak ez dauka ingurumen delituak pertsegitzeko prestakizunik, behin eta berriro elkarte ekologistek salatu dutenez.