argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntz eskubideen urraketak salatu dituzte Zarragaren epaiketa atarian
  • Dozenaka lagun batu dira Bilbon Arkaitz Zarraga euskaltzaleari babesa adierazi asmoz. Honek epaiketa izan du ostegun goizean, 2018ko abuztuan hainbat udaltzainekin euskaraz mintzatzen saiatzeagatik. Mozal Legearekin zigortu zuten, 900 euroko isunarekin, "autoritateari errespetu falta" egotzita.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko abenduaren 12a
Arkaitz Zarragari elkartasuna adieraztera joan dira herritar ugari. (Argazkia: EHE)

Hainbat izan dira Zarragari elkartasuna adieraztera hurbildu diren eragileak: Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Bilboko Konpartsak, Greenpeace eta Mozal Legearen Aurkako Herri Plataforma, besteren artean.

Kalean, hedabideentzat hainbat adierazpen egin dituzte. Behatokiaren izenean Agurne Gaubekak hartu du hitza. Salatu du halako kasuak ez direla isolatuak eta Behatokian jasotzen dituzten hizkuntz eskubideen urraketak ugariak direla. Segurtasun indarrekin izandako elkarrizketetan botere harremanak presente daudela salatu du eta horren ondorioz, herritarrek euskaraz hitz egitea erabakitzen badute agente batzuek desobedientzia ekintza gisa ikusten dutela, eta horrek "ondorio larriak" eragin ditzazkela; eta bestela, askotan herritarrak gaztelaniara pasatzen direla, arazoak ekiditeko.

Euskal Herrian Euskarazek Bilboko Udalaren jarrera salatu du. Bilboko Udaltzainen jarreratik hasita, Juan Mari  Aburto alkateak gaiaz mintzatzerakoan izan zuen jarreraraino. Salatu dute urteak direla Bilbon Euskararen Udal Ordenantza eskatzen ari direla eta Udalak ez duela halako tresnarik onartzen.

Bilboko Konpartsek ere hitza hartu dute. Zarraga Hau Pittu Hau konpartsa euskaltzaleko kidea da. Ondokoa salatu dute: "2018ko Aste Nagusian jasandako erasoa konpartsoi ez ezik, euskaldun eta herritar denei ere egindako erasoa izan da, eta ez du kabidarik gure jai-eredu herrikoian". Beren ustez, bertako hizkuntzari errespetua eta hizkuntza-eskubideen bermea ezinbestekoak dira gizarte plural, kritiko, parekide eta arduratsu batentzat. "Bilboko konpartson ustez, Juan Mari Aburto alkateak eta Tomas Del Hierro Segurtasun zinegotzi ohiak Udaltzaingoari markatutako 'norabide erasokorraren ondorioa' da auzi hau".

Kontzentrazioa kalean zela, Ertzaintza agertu da autorizazio eske.