argia.eus
INPRIMATU
Arizmendi ikastolako greba-araudia aldatzeko, mobilizazio nazionala deitu dute Ikasle Abertzaleek
  • Arrasateko Arizmendi ikastolari eskaera zehatzak egin dizkio Ikale Abertzaleak mugimenduak, ikastetxeko greba-araudiak ikasleek greba eta parorako duten eskubidea behar bezala bermatzen ez duela iritzita. Zuzendaritzak araudia negoziatzeko jarri duen epea “luzeegia” dela-eta, mobilizazio nazionala deitu dute otsailaren 22an, Arrasaten bertan. Ikastolako zuzendaritzatik diotenez, greba-araudia berrikusteko konpromisoa hartua dute iaztik eta "prozesu parte-hartzailea ireki da ikastola osatzen dutenen arteko adostasuna bilatzeko".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko otsailaren 14a

“Aldaketa guztiak ofizialki onartu arte, Arizmendiko estamentu guztietan, ikasleei zuzenean jakinarazi arte, eta aldaketak gauzatu direla egiaztatu arte” eutsiko diete mobilizazioei IAko kideek. Eskaera nagusiak bost dira: greba araudia aldatzea, ikasle mugimenduaren baldintzak onartuz; %25eko desbinkulazio langa kentzea grebarako; azterketak atzeratzea greba egunetan; greba eskubidea 4.DBHra zabaltzea; eta paro eskubidea onartzea. Otsailaren 16an prentsaurrekoa emango du IAk, gaia xeheago azaltzeko asmoz.

Zuzendaritza: “Ez diogu ezeri ateak ixten, dena dago aztergai”

Arizmendiko zuzendaritzara deitu dugu, eta argi utzi nahi izan dute Batxilergoan betidanik izan dela grebarako eskubidea eta inoiz ez dela ukatu. Iaz lehenengo aldiz aldarrikatu zuten DBH 4koentzako greba eskubidea eta “araudia zaharkituta zegoela ikusi genuen, bai ikasleek, bai guk. Araudia berrikusteko konpromiso firmea daukagu –diote zuzendaritzatik– eta dagoeneko hasi gara ikasgeletako ikasle ordezkariekin bilerak egiten, gaia jorratzeko eta puntuz puntu hausnarketa egiteko, ez diogu ezeri ateak ixten, dena dago aztergai. Ideia bat egin dezazun, aldarrikapen gehien dagoen zentroan sortu dugun eztabaidarako mahaia 13 ikaslez eta 2 irakaslez dago osatuta”.

IAren arabera, negoziatzeko epe luzeegia jarri du ikastetxeak, hiru hilabeteko epea: “Modu arriskutsuan gerturatzen da ikasturte amaierara”, diote. Zuzendaritzatik erantzun dute aipaturiko eztabaida-mahaietatik aterako den proposamena gero gainerako ikasleei, gurasoei eta irakasleei aurkeztuko zaiela, haiek ere euren ekarpenak egin eta iritzia eman dezaten. “IAk jarrera bat du, baina ez da ikasle mugimendu bakarra, ezta ikastetxeko komunitatea osatzen duen eragile bakarra, denona entzun eta adostu beharko dugu, egon daitezkeen ikuspegiak aintzat hartu. Hala planteatu dugu prozesua, eta horrek denbora bat behar du; greba-araudia ez dago zuzendaritzaren esku, denon esku egongo da”.