argia.eus
INPRIMATU
Aritz Olagoik jasoko du Kiroletik Bagoaz Euskaraz lehen saria
  • Euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutakoei aitortza emateko sortu du saria Eusko Jaurlaritzak. Lehen edizioa Aritz Olagoi kirol psikologoak jasoko du.

     

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 13a
Aritz Olagoi sariduna. / Argazkia: Psikologia del Futbol Aritz Olagoi sariduna. / Argazkia: Psikologia del Futbol

Asteazkenean, hilak 14, jasoko du saria Aritz Olagoik, arratsaldeko 18:00tan Donostiako Aquariumean egingo den ekitaldian. Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria sortu du Eusko Jaurlaritzak “kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiak prestigiatzeko.”

Aritz Olagoi Psikologian lizentziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu, eta batez ere Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik, jasoko du saria.

Sari honek 2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean du bere jatorria eta urtero banatuko dira. Olagoirekin batera, sariaren lehen edizioan ebaluatu diren beste hamar hautagaitzek ere aitortza jasoko dute: Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Gaztedi Rugby taldea, EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea, Oihana Azkorbebeitia, Ostaiska Egia, Arritxu Iribar, Ibon Oregi eta Pou anaiak.