argia.eus
INPRIMATU
EH Bildu eta Geroa Bairen arteko ika-mikaren ondoren
EH Bilduko Aritz Ayesa da Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria
  • Aritz Ayesa EH Bilduko Antsoaingo zinegotzia izango da Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 10
Aritz Ayesa (EH Bildu) Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria. Arg.: Iruñerriko Mankomunitatea. Aritz Ayesa (EH Bildu) Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria. Arg.: Iruñerriko Mankomunitatea.

Asteazken arratsaldean egin zuten bozketa Mankomunitateko 54 ordezkariek, lehenengo bozketan inork ez zuen lortu gehiengo osoa –28 boto– eta Ayesak 26 boto eskuratu zituen bigarren itzulian.

UPNko hautagaiak bere 11 boto lortu zituen eta PSNkoak bere 4ak. Iruñeko Udalak ditu 27 boto eta gainerako udalerrien artean beste 27. Maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduk lortu zuen ordezkaritza handiena Iruñerriko udaletan eta, horren ondorioz, bazituen segurtatuta 17 ordezkari. Horiez gain, Izquierda-Ezkerrarenak lortu ditu eta herri hautagaitzetako hainbat independenterena. Geroa Baiko 9 ordezkariak abstenitu egin dira.

Iruñerriko Mankomunitatea Nafarroako erakunde garrantzitsuenetakoa da eta 50 udalerriko 360.000 biztanleri hainbat zerbitzu ematen die.  Hondakinak, garraioa, ura eta eskualdeko Ibai Parkea dira bere jarduera esparruak. 452 langile ditu eta 90 bat milioi euroko aurrekontua.

EH Bildu eta Geroa Bai-ren arteko ika-mika

Uda amaieran zalaparta izan da kargu honen inguruan, batez ere Geroa Baiko Iruñeko zinegotzi Itziar Gómezek lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu zuenetik. EH Bilduk jakinarazi zuen Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan erabilitako irizpideak erabili behar zirela hemen ere, hau da, aldaketaren lau alderdien artean ordezkaritza handiena zuenak eskuratu behar zuela gidaritza.

Lau alderdien arteko irizpideak, aldiz, ez ziren berberak kasu honetan eta Itziar Gómezek urrats bat egin zuen aurrera. Azken urteetan Mankomunitatean lortutako esperientzia mahai gainean jarri zuen eta baita ere Geroa Baik gehiengoak lortzeko izan zezakeen abantaila. Irail hasieran EH Bilduko Adolfo Araizek Geroa Bai gai honekin desleial jokatzen ari zela adierazi zuen.

Gómezek hainbat zinegotzi independenteren sostengua espero zuen, eta hala izango ez zela ikusirik, iragan astelehenean hautagaitza erretiratu zuen. Azkenean independente ugari abstenitu egin da eta beste hainbatek EH Bilduri eman dio sostengua.

UPN ere noraezean ibili da, hasieran hautagaitzarik ez zuela aurkeztuko jakinarazi baitzuen, EH Bildu eta Geroa Bairen arteko ika-mika antzerkia zela salatzen aritu da, iragarriz azkenean Gómez aterako zela lehendakari. Hala izango ez zela ikusirik, azken unean hautagaia aurkeztu du, baina bere 11 botoak besterik ez ditu eskuratu. Beste behin ere bere bakardadea norainokoa den argi ikusi da. Azken 20 urteetan UPNk Nafarroako Gobernua eta Iruñeko udala eskuratu ohi ditu eta gehienetan PSNri utzi izan dio Mankomunitateko lehendakaritza.