Politikeoa Vatikanoan. Halako sekretuen sekuentzi eta tramekin txoratzen denak gozatu ederra hartuko du Conclave-rekin.
Ezustean hil da Aita Santua, eta protagonistari, Lawrence kardinalari, egokitu zaio konklabea antolatzea. Hiru hilabete berantago, ehun kardinal pasatxo elkartuko dira Vatikanoan, udalekutan baleude bezala, kanpo-komunikaziorik gabe. Lau hormen artean dena, dema.
Vatikanoan elkartu diren kardinalek haien artean bozkatu beharko dute, hurrengo Aita Santua nor izango den erabakitzeko. Funtsean, parlamentu edo hemiziklo baten tankera hartuko dute bilkurek: lau hautagai daude, aski bereizgarri diren ezaugarriak ditu bakoitzak, eta horietako batek eskuratu beharko du gehiengoa, bozketa anonimo bidez. Klaro, hemen dator xextra: bata liberalagoa da, bestea kontserbadoreagoa; honek jarrera homofobo batzuk ditu eta hark arrazistagoak; bandoak sortuko dira, aliantzak... Bateko trikimailu eta azpi-joko, besteko dokumentu ezkutu eta iraganeko zenbait gertakari... Azkenerako, interesgarri ipiniko da kontakizuna.
Entretenigarria filma, eta ikusgarria ere bai, bereziki halako kalotak eta janzkerak gustuko dituenarentzat. Eta, era berean, plano kontrapikatu eta ilunak ongi datozkio pelikulari, Vatikanoko espazio kasik huts eta hotzei giroa jartzeko. Eszena guzti-guztiak Aita Santuaren Santa Marta eraikinean gertatuko dira.
Filma ikusterakoan izango da, akaso, kristau kexatirik ere. Umore puntual eta gozoa eman baitio zuzendariak –ateo boto-emaile/ikusleak aretora gerturatzeko?–, bereziki filmaren erditik aurrera, eta, Antzoki Zaharreko jendea bederen, pertsonaien zenbait elkarrizketarekin barrez lehertu da. Ezbairik gabe, elegantea izan dira hainbat umore ateraldi.
Sail Ofizialean lehian ari da Conclave. Zail izango du, baina atzeko planoan joan eta ahanzturan geratu ohi diren film horien artean, hor bai, gailenduko da. Edo gailendu eta nabarmenduko dugu guk.
[Sail Ofizialean, lehen egunean eskainitako beste pelikula bat Emmanuelle izan da. Film horren kritika, hemen]