argia.eus
INPRIMATU
Arimen Gaua ospatzeko kanta sortu dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta Kokorikok
  • Arimen gauaren ohitura berreskuratzeko lehen saiakera egin zuen Kokoriko Hezkuntza Faktoriak iaz. Unitate didaktiko bat egin eta eskualdeko ikastetxe guztiei banatu zieten, Estatu Batuetatik inportatutako Halloween-en "olatu kontsumistari" aurre egiteko. Igon Olaguenaga trikitilaria arduratu da musika konposatzeaz eta Aiala eta Okher artistek jarri dute ahotsa.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko urriaren 29a

Aurten pauso bat harago joan nahi izan dute hezkuntza faktoriako kideek. Grabaketa estudioan sartu dira horretarako, arimen gauaren abestia osatzeko. Igon Olaguenaga trikitilaria arduratu da musika konposatzeaz, eta Izar Mendiguren bertsolariak egin ditu letraren estrofak. “Hala ere, letra ez dugu guk asmatu”, argitu dute Kokorikoko kideek, “historikoki kokatua dagoen letra da.  Kantu eskerako erabiltzen zen esaldia hartu dugu estribillo moduan baliatzeko”. Egunotan grabatzen ari dira abestia. Okher eta  Aiala artistek jarri dute ahotsa, hainbat haurrekin batera: Aitzol Goikoetxea, Ilune Urruela, Irune Urkixo, Hur Mendiguren eta Hegoa Fernandez.

Abestiaren letra

Xanduli manduli kirrikiki

Eman jatekoa guri

Txingila mingila kurruskario

Sagarrak merke ta Udareak karioo!!

Gauak duen arima ez da beti berdina

Sortu dezagun gure kantu edo ipuina

Kalabazaren jolasak irri ta kilikili

Saguzaharren artean hegan pozik ibili!

Izararen atzean, lagun denak atean

Eguzkilore,Urre… usatzeko beldurra!

Negua jakiz bero behar dugunez gero

Eskean ta zirika gabiltza egunero.

Xanduli manduli kirrikiki….

Kandelak piztu eta bagoaz ttipi-ttapa

Izua ez da sua, nahiz bihotza taupaka

Txirrinak jo du oihu bat, katua miauka!

Gauak beldurtu baino, liluratuta nauka!

Arimen gauak dauzka 11 istorio

Saskiak betetzeko festa zein usadio!

Guk kontatu dizugu esames, historia….

Orain zuk erabaki sari edo ziria!!

Xanduli manduli kirrikiki…