argia.eus
INPRIMATU
Ariguneak, euskaraz aritzeko gune eta taldeak, milaka dira dagoeneko
  • Ariguneak dira aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza nagusia: Euskal Herriko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta entitateek euskaraz aritzeko sorturiko gune eta taldeak. Jada milaka sortu direla jakinarazi dute Euskaraldiko ordezkariek.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta prestaketetan ari direla iragarri dute, prentsaurreko bidez. Ariguneak sortzen ehunka enpresa eta elkartek parte hartu dutela azaldu dute, arrazoi eta motibazio ezberdinek bultzatuta: batzuek aurretik egindako lanaren segida gisa ulertzen dute, beste batzuek aukera ikusi dute euskararen erabilera bultzatzeko.

Zehazki, 500 elkarte baino gehiagok eman du izena eta horiek sortutako bi arigune mota identifikatu dituzte: 2.100 barne arigune eta 950 kanpo arigune.

Ariguneak sortzen jarraitzeko eta erakundeek izena emateko epea zabalik da oraindik, irailaren 27ra arte. Hilabete horretan abiatuko da ahobizi eta belarriprest bezala izena emateko sasoia.

Bestalde, herri batzordeetan izena emateko aukera zabalik da baita ere. Lehen edizioan, Euskal Herriko 405 herritan jarri ziren martxan batzordeak eta aurten jada 324 dira izena eman dutenak.