Giza eskubideen alde, dispertsioaren aurkako lanean batzeko deia egin die Sarek herritarrei.
Bilboko kaleetan argiz azpimarratutako mezu bat zabaldu dute milaka herritarrek: "presoak Euskal Herrira, orain". Udaletxetik eta La Casillatik abiatutako bi zutabeek 18:15 aldera egin dute bat Zabalburu plazan, senideak eta astebururo berauek garraiatzen milaka kilometro egiten dituzten Mirentxin furgonetak buru zirela. Sareko kideen izenean, Saroi Jauregi eta Fermin Muguruzak giza eskubideen alde eta dispertsioaren aurka batzeko deia egin diete herritarrei, alderdietako hizkiez gaindi: "Nitasunetik gutasunera pasa nahi dugu. Borondate bera duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Sare indartsu bat osatzeko". Dispertsioaren 500.000 liburuxka banatzea izango dela hurrengo urratsa azaldu dute.
Hona hemen bertsolarien bertsoak:
IGOR ELORTZA:
Orain alde eder ta gogorreko
iragana dugulako
Ahora gaurko bortxa latzena
ziegetakoa delako
Maintenant gure etorkizuna
bahitu nahi dutelako
Now denok behar dugulako ta
lortu dezakegulako
hemen gaudenok euskal presoak
libre nahi ditugulako
MAIALEN LUJANBIO:
Denboran nonahi denbora omen da
berberak nonahi orenak
espazioak diferenteak
gertu eta urrunenak
beti birsortu ta bizi nahi du
gure herri honen lemak
sinkronizatu egin behar du
geroa gura duenak
hiru orratzeko ordularia:
Orain Hemen eta Denak
AMETS ARZALLUS:
Noren ideia izan ote zen
orma hoiek jasotzea?
Ta orma hoien barrualdean
buru-bihotzak lotzea?
gaur kate hoiek askatu nahiak
jendez bete du ortzea
ez da erraza urterik urte
jende gehiago lortzea
ta espero dugu hurrengo urtean
ospatzera etortzea.