argia.eus
INPRIMATU
Argindarraren prezioak goia jo duenean, Espainiako Estatuak 1.400 milioi itzuliko dizkie Iberdrola eta gainerako enpresei
  • Espainiako Estatuak 1.400 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dizkie elektrizitatearen multinazionalei, batez ere Iberdrolari, 2015ean PPren gobernuak onartutako dekretu bat epaitegiek indargabetu ostean. Bien bitartean, argindarraren prezioa marka guztiak hausten ari da egunetik egunera.

     

Axier Lopez @axierL 2021eko irailaren 01a
2012an, PPren gobernuko Energia ministro Manuel Soria eta Ignacio Sánchez Galán orduko eta gaurko Iberdrolako burua. Argazkia: Getty Images

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Mariano Rajoyren gobernuak 2015ean ezarri zuen 'kanon hidraulikoa', Diario.es-ek jakitera eman duenez. Kanon horren bitartez energia elektrikoa ekoizteko uraren erabilera zergapetu zuen, eta ustez tarifa-defizitari –sistema elektrikoaren diru-sarreren eta kostu arautuen arteko aldea– aurre egiteko helburua zuen. Bada, sei urteren ostean, helburu horiek bete gabe eta argindarraren prezioa inoizko altuena izanda, kanon hori indargabetu du Auzitegi Gorenak.

Atzeraeraginezko erabaki judiziala izanda, elektrizitatearen enpresek 1.400 milioi euro berreskuratuko dituzte, hasierako aurreikuspenak hirukoiztuz, Teresa Ribera presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak astelehenean adierazi duenez.

Iberdrola izango da onuradun handiena (hidroelektrikoen arloan enpresa nagusia baita Espainiako Estatuan), baina Endesak, Naturgyk eta Accionak ere jasoko dituzte sosak. 2013-2020 aldiari dagozkion 1.400 milioi horiei gehitu behar zaizkie denbora-tarte horretan sortutako interesak, eta, hala badagokio, 2021ean kobratutakoa.

Bien bitartean, gaur, asteazkena, elektrizitatearen merkatuak hirugarren maximo historikoa hautsiko du jarraian. Hau da, herritarrek inoizko argindarrik garestiena ordainduko dute maximo historiko berri bat ezarrita: orduko megawatt bakoitzeko 132 eurotik gora.

Enpresa elektrikoak kanona bertan behera uzten saiatu ziren Europako Justizia Auzitegian, baina kanonak Europako bermea jaso zuen ingurumen zerga gisa ulertuta. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Unesaren –hidroelektrikoen patronala– helegitea, eta zehaztu du ezin zela kanon hori aplikatu enpresa elektrikoek kontzesioen aldaketa onartu ezean.

Unesa-k duela urte batzuk Aelec izena hartu zuen. Patronalaren talde horrek Pascual Sala Atienza du idazkari nagusi, hain zuen Auzitegi Goreneko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohi Pascual Sala Sanchezen semea.