argia.eus
INPRIMATU
Argindarraren prezioa %20 garestitu daiteke urtarrilean Hego Euskal Herrian
  • Espainiako Gobernuak ezarritako zerga jaitsieren neurria iraungi egingo da urte honen amaieran.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abenduaren 19a

Presazko dekretu batez onartzen ez bada, aurreikus daiteke argindarraren prezioa %20 garestituko dela urte berria hastearekin batera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Izan ere, gaurko egunez, argindarrari loturiko bi zergetan murrizketak aplikaturik daude, baina neurriaren indarraldia iraungi egingo da abenduaren 31n.

Hain zuzen ere, argindarraren BEZa %5ekoa da une honetan, baina salbuespen neurririk ezean, historikoki, %21ekoa da. Zerga elektrikoa deritzona, bestalde, %0,5ean dago gaur egun, baina atzera ere %5,11ra igo daiteke.

2021eko ekainetik, salbuespenetan

Argindarraren prezioaren garestitze basatia ez da gaur goizeko notizia. Espainiako Gobernuak duela ez hain gutxi hartu zituen lehenbiziko neurriak, 2021eko ekainean. Orduko hartan, BEZaren portzentajea %21etik %10era jaitsi zuen 10kw edo gutxiagoko kontratua zuten guztientzat. Gero, 2022ko ekainean, %10eko hori %5era murriztu zuen, eta aldi berean zerga elektrikoaren portzentajea %5,11etik %0,5era.