argia.eus
INPRIMATU
Argindarra %30 garestitu dute Hego Euskal Herrian hotz olatuaren erdian
  • Argindarra historiako bigarren preziorik altuenera iritsi da urtarrilaren 8an, Europako energia garestiena duen Espainiako estatuan. Hori dela-eta, Espainiako Gobernuak ikerketa bat abiarazteko eskatu dio Lehiakortasun Batzordeari. Adituek diotenez, aldagai hauek ekarri dute argindarraren gorakada: jasaten ari garen negu bortitzagatik eskaera asko igo izana, gasarekin funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentralari ohikoa baino ekoizpen handiagoa eskatzea eta energia berriztagarrien ekoizpen urria. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 12a
Argazkia: Facua.org

Urte hasierarekin etengabe hazi da elektrizitatearen prezioa. Historiako bigarren preziorik altuenera iritsi zen joan den ostiralean, urtarrilaren 8an: 94,99 euro/MWh izan zen prezioa eta hurrengo egunetan 100 eurotik gora hazteko mehatxua dago.

Negu giro bortitz honi aurre egiteko eskaera igo izanak, gasarekin funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentralari ohikoa baino ekoizpen handiagoa eskatzeak eta energia berriztagarrien presentzia eskasak, agindarra %30a baino gehiago igotzea eragin du Hego Euskal Herrian. Erremate bezala, Maria Artetxe Goiener Sareko ordezkariak Eitbri eskainitako elkarrizketan jakinarazi duenez, Europa eta Asia aldean jasaten ari garen baldintza klimatikoek gasaren eskaria handitu dute eta honenbestez, honen prezioa ere historiako handienetara igo dute.

Artetxek elkarrizketa honetan azaltzen du argindarraren prezioa orduero finkatzen dela enkantean eta prezioaren kalkulu hori "ez dela oso gardena":

Ikerketa baten esperoan 

Gertatzen ari denak eman duen zer esana dela eta, hori honela, Espainiako Gobernuak, Espainiako Lehia Batzorde Nazionalari ikerketa bat abiatzeko eskatu dio. Izan ere, 2013.urtean, batzorde honek berak 25 milioi euroko zigorra ezarri zion Iberdrola energia enpresari antzeko kasu batengatik (eta oraindik ez du isun hori ordaindu). El Salto hedabideak sakon landu du gaia. Erreportaje horretan jaso du Facua kontsumitzaileen elkartearen salaketa: urtarrilan argindarraren prezioak %35,8 egin du gora iazko datuekin alderatuta, eta Espainia energia garestiena duen Europako herrialdeen artean kokatu dute.

"Arazoa ez da hotz olatua, pribatizazioa baizik"

El Saltoko artikuluak erreferentzia egiten dio Jorge Fabra Utray-ri (Krisiaren Aurreko Ekonomialariak blogaren egilea). Honen arabera, "argindarraren prezioa ez da hotz olatuagatik lehertu. Lehertu da argindarraren merkatua erregulatzen duen 54/1997 Legeagatik". Lege hori José María Aznarrek onartu zuen eta hor ezarri zen egun prezioak finkatzeko dagoen sistema. Ekonomialari honen arabera, arazoa Iberdrola, Naturgy eta Endesak %90a xurgatzen duten merkatua da, "ez baita eraginkorra eta estatuaren ekonomia kaltetzen baitu egunero, egin hotz zein bero, eta pobrezia energetikoko arazoak larritzen ditu".