Diru sarrerak bermatu eta jendarte inklusiorako EAJ eta PSEk aurkezturiko Lege Proposamenak ez duela ez pobreziarekin, ez bazterketarekin, ezta Lanbideren tratu txarrekin amaituko adierazi dute plataformako kideek.
Iragan apirilaren 27an aurkeztu zuten EAJ eta PSEek diru sarrerak bermatu eta jendarte inklusiorako Lege Proposamena. Argilan-Esk plataformak asteazkenean eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, proposamenak ez dio erantzuten urteetan zehar eskatu duten Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren errotiko erreformari, eta horrek DsBEaren gabeziek bere horretan jarraitzea ekarriko duela salatu dute. Are gehiago, plataformako kideen arabera, Lege Proposamenak pobrezia gehiago ekarriko du.
Etxebizitza bakoitzeko bizikidetza unitate bakarra onartzea, DsBEren murrizketak, DsBEa Lanbideen Arteko Gutxieneko Soldatatik (LaGS) behin betiko bereiztea, eta pertsona jasotzaileei Lanbidek ezartzen dizkien kontrola eta jazarpena mantendu eta areagotzeak gabezia moduan identifikatu dituzten pobrezia, bazterketa eta Lanbideren tratu txarrak areagotu egingo direla azaldu dute. Lege Proposamenak zenbait bizikidetza unitateri (hiru pertsona baino gehiagokoak edo gurasobakarrak direnei) onurak ekarriko dizkion arren, honek ez du eragotziko askoz gehiago izatea kaltetuta aterako direnen kopurua.
Lege Proposamenak jendartearen beharrizanei erantzuten ez diela eta gabeziak bere horretan dirautela kontutan hartuta, Argilan-Esk plataformak pobreziarekin amaitzeko egin beharreko zenbait aldaketa zerrendatu ditu: DsBE eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria jaso ahal izateko erroldatuta egon beharreko denboraldia urte batera jaistea, elkarrekin bizi diren pertsona guztien biziraupenaren beharrak bermatuz DsBE eta EPO jasotzeko eskubidearen indibidualizazioan urratsak ematea, edota huts burokratiko txikiak egin dituztenak prestazioen galerekin zigortzeari uztea, besteak beste.
Plataformak jakinarazi du datorren ekainaren 5ean DsBEren gaineko asanblada informatiboa egingo dutela Bilboko La Bolsa eraikinean, eta bertatik jendartea gonbidatuko dute murrizketen aurrean mobilizatzera.
Adierazi dute, baita ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatuta “eskubide sozialen aldeko” sinadura bilketa bati ekingo diotela laster. Ekimenak “bere mugak dituela” jakin arren interesgarritzat jo dute berau babestea, Eusko Legebiltzarrean onartua izanez gero Euskal Herriko jendartearentzako aurrerapauso handia litzatekeela baiteritzote.
“Jendarte bezala pobreziarekin amaitzeko eskubide eta aukera dugu eta Eusko Legebiltzarra posible egiteko betekizuna, egungo DsBE/EPO/GLL legeen erreformari ekinez, aditzera ematen ari garen hobekuntzak onartuz; exijitu ditzagun kaleetan”, mobilizatzeko gonbidapena luzatu diote jendarteari.