EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta PSNren aldeko botoekin adierazpen instituzionala onartu dute Nafarroako Parlamentuan. Mozal Legea kritikatu eta ARGIAri babesa adierazi dio erkidegoko gehiengo parlamentarioak.
Onartutako ebazpenean, ARGIAk jaso duen isunaz gain gogora ekarri dute Ahotsa.info-k Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren eskutik jasotako mehatxua. Gainera, Nafarroako Parlamentua ere behin baino gehiagotan Mozal Legearen aurka agertu izan dela nabarmendu dute.
Bi puntuko ebazpenak Mozal Legearen “arbuio erabatekoa” berresten du, “adierazpen eta informazio askatasuna bezalako eskubide zibilak” hertsatzen dituelako. Legea berehala bertan behera uzteko borondatea adierazi du Nafarroako ordezkari politikoen gehiengoak.
ARGIAren kasu zehatzari buruz hitz egiten du ebazpenaren bigarren puntuak: Axier Lopez ARGIAko kazetariari “babesa eta elkartasuna” adieraztearekin batera, Mozal Legearen aplikazioa salatzeko eta hura bertan behera uzteko dinamikak babesten dituela adierazi du Parlamentuak.
Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak hitz hauek egin ditu astelehen goizean.
Mozal legea salatu eta Argiako @axierL kazetaria elkartasuna adierazi diogu #ARGIAMozalikGabe pic.twitter.com/SVG1OsqnJG
— EH Bildu Nafarroa (@EHbilduNafarroa) April 11, 2016
PPk bakarrik bozkatu du ebazpenaren kontra eta UPN abstenitu egin da.