argia.eus
INPRIMATU
Argiaren prezioak beste marka historiko bat jarri du gaur Hego Euskal Herrian
  • Orduko megawatt bakoitza 124,45 euro. Hori da gaur (abuztuak 30) argindarraren prezioak jarri duen azken marka. Abuztuan zazpi errekor historiko izan dira. Argindarraren fakturaren garestitzeak bete-betean eragiten du inflazioan. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) %3,3ra igo da abuztuan.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 30a

Abuztuaren azken txanpan jarri du argindarraren prezioak azken errekorra. Eldiario.es egunkariak gogorarazi du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministro eta hirugarren presidenteordeak azalpenak emango dituela Kongresuan. Gas naturalaren eta CO2aren garestitzearekin lotuta dagoen errekor segidaz hitz egingo du. Ministroak eztabaida ireki du merkatu elektrikoa erreformatzeko beharraz eta Gobernua behartu du enpresa publiko batek kontzesio hidroelektrikoak kudea ditzan planteatzera.

Hego Euskal Herrian, etxeko kontsumitzaileek inoizko fakturarik garestiena ordainduko dute gaur. Horrez gain, beste partida energetiko batzuk ere garestitu dira, hala nola petrolioa 70 dolarretik gora dago, gasolina % 21,3 garestitu da duela urtebete baino gehiago, eta gasolioa % 18,7.

Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,4 igo da abuztuan

Argindarraren fakturaren garestitzeak zuzenean eragiten du inflazioan eta horrek enpresen eta partikularren erosteko ahalmenaren ahultzea dakar, susperraldi betean. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,4 igo da abuztuan aurreko hilabetearekin alderatuta, eta urte arteko tasa % 3,3koa izan da, uztailekoa baino lau hamarren handiagoa eta 2012ko urritik izandako tasarik altuena, Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datuen arabera.

Erakundeak berak ohar batean argindarraren prezioaren igoera jo du arrazoitzat: "Portaera horretan argindarraren prezioen igoera nabarmentzen da, iazko abuztuan baino handiagoa izan baita hilabete honetan".