argia.eus
INPRIMATU
ARGIAren mendeurrenaren harira programa oso berezia antolatu du Euskalerria Irratiak
  • Martxoaren 28an Iruñeko Kondestable aretotik zuzenean antolatu du emisioa Euskalerria Irratiak, herritarrei bertatik bertara ikusi eta entzuteko aukera eskainiz. Bi orduan hamaika pertsonak aurten mendea bete duen euskarazko hedabideari buruzko ertzak landu dituzte.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 29a
Kondestable jauregian ARGIAko kide eta kolaboratzaileak bildu dira, Euskalerria Irratiak antolatutako irratsaio berezian.

ARGIAren mendeurrenari buruzko irratsaio berezia Reyes Ilintxetak gidatu du. Ilintxeta Euskalerria Irratiko esataria da eta ongi ezagutzen du ARGIA, besteak beste. ARGIAn pertsonaia elkarrizketak egiten baititu.

Hamaika gonbidatu izan ditu martxoaren 28 arratsaldean, eta bakoitzari hamar minutuko tartea eskainiz, mendea bete duen hedabideari buruzko gai zehatz anitzak landu dituzte. Iruñeko alkate Joseba Asironek zabaldu du saioa, eta Oskar Alegria zinemagileak eta Bernardo Atxaga idazleak eman diote amaiera.

Tartean, ARGIAko egungo eta beste garaietako langileak eta kolaboratzaileak pasatu dira Kondestable aretoan atondu duten "estudio"tik: Xabier Letonak eta Patxi Larrionek ARGIAren eta Larrun hilabetekariaren historia azaldu dute; Iñaki Caminok ARGIA sortu zuen Damaso Intza kaputxinoari 1986an egin zion elkarrizketa azaldu du; Elixabete Garmendiak ARGIAko zuzendari zeneko garaiak ekarri ditu; MIkel Taberna eta Miel A. Elustondo kolaboratzaileek beren bizipenak kontatu dituzte, Bego Zuzak enpresa eredua, harpidetza eredu berritzailea eta erakundeekiko harremanak azaldu ditu; eta Gorka Bereziartua, ARGIAren mendeurrenaz prestatzen ari den liburutik tiraka, ARGIAren kazetaritza egiteko moduaz aritu da.