argia.eus
INPRIMATU
ARGIAren Azoka berritu dugu
  • ARGIAren Azoka berrituan errazago aurkituko ditugu ARGIAren liburuak, egutegiak, agenda, jolasak, kamisetak... balioei lotutako eta kalitate handiko zerbait berezia eskuratu edo oparitu nahi duenak, bertan badu aukera.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a

ARGIAk bere interneteko Azoka berritu du. Urtez urte, haziz doa herritarrek bertatik zuzenean egiten duten erosketa eta esperientziatik sumatu dituen hobekuntzak gehitu dizkio lantaldeak Azokari: salgai bakoitzaren argazki ugari erakusten dizkigu Azoka berrituak, eta baita produktu horri lotutako kazetaritza edukiak ere (albisteak, bideoak...), erosi aurretik produktua hobeto ezagutzen laguntzeko.

Zerbait aukeratzen dugunean, gai horrekin lotutako beste produktu batzuk ere erakusten dizkigu.

ARGIAren balioekin bat datozen produktuak

Komunikabide independenteak, bere ohiko euskarriez gain, produktu eta proiektu hauen bidez lantzen ditu bere baloreak. Adibidez, aspaldidanik ARGIA Jende askoren urteroko egutegi kuttuna dena, egunean orri bat kentzen zaiona, iaz berritu genuen eta 2021ekoak ere egunean efemeride esanguratsu bat dakar, gure herriaren eta munduaren historia ezkutatua ezatugu dezagun.

Lurraren zaintza da ARGIAk azken urteetan jorratu duen beste balore bat: aurten agroekologia mugimenduarekin Lurra herriari deika kamisetak atera ditugu. Eta Bizi Baratzea ildoaren baitan, Jakoba Errekondok Etxeko Landareak liburua atera du. Urtero bezala, 2021eko Ilargiaren eta Landareen agenda ondu dute Errekondok eta Antton Olariagak. Eta ilargiaren egutegia ere erosi ahalko dugu ARGIAren Azokan.

Lurraren zaintzatik abiatuta, bioaniztasunari ere jarri diogu arreta Xapoketan jolasaren bidez. Iñaki Sanz-Azkue biologoak, Eñaut Aiartzaguena ilustratzaileak eta Lore Herriondo pedagogoak talden landutako karta-joko honi esker, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ekosistema bana ezagutuko dugu, eta ekosistema hauetako bakoitzean bizi den animalia sorta. Bertako animaliak ezagutu ezean, nekez maitatu eta zainduko baititugu.

Herritar guztion eskubideak defendatzeko eta elkartasuna josteko, Inor ez da ilegala proiektua lantzen ari gara Bilboko Mbolo kale-saltzaile senegaldarrekin elkarlanean. Lema hori kalera ateratzen duten jertse, kamiseta eta poltsen salmentari esker, dagoeneko 15.700 euro bideratu dira migranteen kolektibora, albiste honetan kontatua dugunez.