Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.
Fleabag
Erresuma Batua, 2016
6 ataleko 2 denboraldi
Fleabag Londresen bizi den emakume lotsagabea da eta lagun mina zendu ondoren krisialdian bizi da. Konformagaitza da, berekoia, kaotikoa eta, batez ere, dibertigarria. Drama-komedia hau “laugarren horma” apurtzeagatik egin da ezagun; ikusleari zuzenean mintzatzen zaio protagonista, ahoan bilorik gabe. Maitane Gartziandia.
Ikusi trailerra gaztelaniaz | Ikusi trailerra frantsesez
* * * * * * * * * *
Succession
AEB, 2018
10 ataleko 2 denboraldi
Logan Roy mundu mailako enporioa eraiki duen familia izugarri aberatseko aita da, erraz izan liteke Rupert Murdoch. Telesailaren hasieran, garuneko isuria izango du, eta seme-alaben artean enpresa eskuratzeko lehia hasiko da. Oso sinesgarria. Lander Arbelaitz
Ikusi trailerra gaztelaniaz | Ikusi trailerra frantsesez
* * * * * * * * * *
1992, 1993, 1994
Italia, 2015
8-10 ataleko 3 denboraldi
Ustelkeriagatik Italiako sistema politikoa pikutara joango zela zirudien 1990eko hamarkadako hasieran. Garai hori du ardatz 1992 telesailak (bi denboraldi gehiago ditu, 1993 eta 1994). Berlusconi fenomenoa azaltzeaz gain, botereaz eta giza kondizioaz hitz egiten digu lan honek. Gorka Bereziartua
Ikusi trailerra gaztelaniaz | Ikusi trailerra frantsesez
* * * * * * * * * *
Bron / Broen
Suedia, 2011
10 ataleko 4 denboraldi
Nordic noir bat. Irudien iluntasuna eta protagonisten hoztasuna nahasten dituen thrillerra. Danimarka eta Suediaren arteko zubian zatituta agertutako hilotz batek bi detektibe elkartu ditu: Martin eta Saga, kode sozialetatik kanpo dabilen emakume atipikoa. Epero ez den hori guztia, eta gehiago. Eneritz Arzallus Alustiza
* * * * * * * * * *
The Deuce
AEB, 2017
8-9 ataleko 3 denboraldi
70eko hamarkadaren alderik ilunenak AEBetako Times Squaren. Pornoaren industria nola legeztatu zen kontatzen du garaiko errealitatea gordin erakutsiz: HIESa, drogak eta etxebizitzaren merkatuaren gorakada. David Simonen lan guztietan bezala, apaingarri gutxi eta errealitatea sobera hemen ere. Eneritz Arzallus Alustiza
Ikusi trailerra gaztelaniaz | Ikusi trailerra frantsesez
* * * * * * * * * *
When They See Us
AEB, 2019
4 ataleko denboraldi bat
1989an abiatzen da historia, New Yorkeko Central Parken. Bost gaztetxo afroamerikarri emakume zuri bat bortxatu eta hiltzen saiatu izana leporatu diete, muntaia baten bidez. AEBetako arrazakeria instituzionalizatuaren aurrean jarriko gaitu, auzia berriro mahaigaineratu den egunotan. Mikel Eizagirre
Ikusi trailerra gaztelaniaz | Ikusi trailerra frantsesez
* * * * * * * * * *
Wasteland
Txekiar Errepublika, 2016
8 ataleko denboraldi bat
Txekiako Pustina herri txikia erosten eta suntsitzen ari da ikatz-meatzaritzako enpresa bat. Horrek talka sortzen du herritarren artean. Batetik, dirua egin eta beste leku batean bizitza hobea eraiki nahi dutenak daude; eta bestetik, herriko ohiko bizimoduari eutsi nahi diotenak. Axier Lopez
* * * * * * * * * *
Eden
Alemania, 2019
6 ataleko denboraldi bat
Gurutzatutako bost istorioren bitartez, errefuxiatuen krisi globalari ertz ugaritatik eusten dion telesaila. Fokua migratzaileengan bezalaxe harrera egitea dagokienengan ere jartzen da, bistaratuz, besteren artean, nola ari den Europa errefuxiatuen kudeaketaz negozioa egiten. Amaia Lekunberri