argia.eus
INPRIMATU
Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk
  • ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.

Asier Iturralde Sarasola @aldatsa 2024ko azaroaren 21

“Autogestioa oinarri, euskaratik, euskaraz eta libre sortutako komunitateak sustatu eta biderkatu behar dira”, aldarrikatu du ARGIAk sare libreen aldeko kanpainarekin bat egitean. Arrazoi horregatik sei urte daramatza hedabide honek Fedibertsoan parte hartzen.

2018ko apirilean sortu zuen ARGIAk lehen kontua Mastodon sare sozial deszentralizatuan, euskal komunitateak oraindik existitzen ez zirenean. Hilabete batzuk geroago, hainbat eragile euskara eta euskal kulturaren Mastodon komunitatea sortzeko lanean hasi ziren: Azkue Fundazioa, Iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios kooperatiba. ARGIAk ez zuen zalantzarik egin, eta hasieratik hartu zuen parte.

Geroztik, sare libreen alde egiten jarraitu du ARGIAk, "gure kontraesan guztiekin" erredakzioko kideek azpimarratu dutenez. 2020an Iametzak musika eta podcast libreentzat Baleafunk.eus sortu zuenetik han ere argitaratzen dira ARGIAren podcastak. 2021ean hedabide honek PeerTube instantzia sortu zuen: bideoak.argia.eus, eta bertara igotako bideoak erabiltzen hasi zen webgunean, ordura arte erabiltzen ziren Youtubekoen ordez.

2023ko martxoan Euskal Fedibertsoko topaketetan Kataluniako Fedi.cat eta LaLoka kolektiboko Rita Barrachinak eta Marcel Costak “sare publizitario asozialei ikusgarritasuna kentzeko” emandako pistak oso interesgarritzat jo zituen ARGIAk. Hilabete batzuk igarotakoan, irailaren 16an, software askearen nazioarteko egunarekin bat, proposamenari heldu eta ARGIAren euskarrietatik (aldizkaria, webgunean, iragarkietan, gehigarrietan, karteletan…) multinazionalen menpeko sare sozialen erreferentzia oro kentzea erabaki zuen lantaldeak.

Gaiarekin lotuta azkenik, 2023ko Interneteko Argia Saria eman zien medio honek Euskal Mastodon komunitateei: mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus.