argia.eus
INPRIMATU
Argia Sariak banatu ditugu
  • 2017ko euskarazko komunikazio proiektu onenak saritu nahi izan ditugu, urtero legez. Usurbilgo Atxega jatetxean bapo bazkaldu ostean, ARGIAko lantaldearen izenean diskurtsoa irakurri dute Estitxu Eizagirre, Urko Apaolaza eta Bego Zuza lankideek. Ondoren, irratiko, interneteko, ikus-entzunezko, prentsa idatziko, sustapeneko eta merezimenduzko ARGIA Sariak banatu ditugu. Hona irabazleak:

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 26a
Goitik behera, ezker-eskuin: Jokin Aldazabal, Aitzol Barandiaran eta Eñaut Barandiaran; Gabi de la Maza, Vanesa Eguiluz, Zaloa Basabe, Uxue Alberdi eta Iñaki Berastegi; eta Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez, Aiora Zulaika eta Aitor Manterola.

Irratiko saria Jokin Aldazabalek gidatzen duen Euskadi Irratiko Ekosfera saioarentzat izan da. Energia berriztagarriez, mugikortasunaz, hondakinez, uraz, ibaiez, lurrikarez, tren lasterraz… hizketan entzuten dugu Aldazabal, informazio eta kolaboratzaile jantzien bidez, gai asko plazaratuz, orokorrak eta bertakoak, dena giro lasaian. Eta hasierako ilusioari eutsiz. Kontzientzia ekologikoa hedatzeko egin duen lanagatik saritu nahi izan dugu.

Ikus-entzunezko saria Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaranentzat izan da, Euskal Herriko Bertsolari Txalpelketa Nagusiari ETBn egindako jarraipenagatik: erretransmisio hutsa egitetik harago, iruzkin aberatsak egin dituzte, artista errespetatuz, baina gakoak emanez ikusten eta entzuten ari ginena baloratzeko. Busti egin dira iruzkinetan. Ados egon ala ez, eskertzen du hori ikusleak.

Prentsa idatzizko saria, Harmaila aldizkariarentzat eta haren egile diren Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegirentzat izan da. Iazko uztailean argitaratu zuten zero zenbakia, Interneten. Urtea amaitzearekin bat paperera egin zuen salto. Argitalpen berri honen filosofia ere argi dute egileek: “Patxadaz irakurtzeko aldizkaria da, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena, pasioa eta analisia uztartzen dituena, eta dena euskara hutsean”. Kirol-prentsa tradizionalaren bizioak albo batera utzi eta kirolari bestelako ikuspegia emateagatik saritu nahi izan dugu egitasmoa.

Interneteko saria Txantxangorria.eus webgunearen arduradun Gabi de La Mazarentzat izan da. Zeinek ez du etxean, lagunartean edo festan abestu, gure sarituaren materialari esker? Euskara-ikasleekin klasean lantzeko hasi zen, eta gaur egun ikasleek bakarrik ez, Euskal Herriko milaka herritarrek eskertzen diogu ahalegina. Gure ondare musikala garai berrietara ekarri du, mundura zabaltzen lagundu du, eta 2.000 kanta baino gehiago karaokeatzeko hartutako lana saritu nahi izan dugu.

Sustapen ekintza saria Iruñeko Udalari eman diogu. Mugimendu feministek urteak daramatzate eraso sexistak salatzen, gizartea eta erakunde publikoak interpelatzen. Eta hainbat tokitan eskutik hasi dira lanean. Iruñean elkarlan horren ondorioak antzeman dira. Urte batzuetatik, Sanferminetan paisaia aldatu egin da: errepideko pantailetan, tabernetan, txosnetan, paparretan, atzerritarrentzako esku-orrietan… Testuinguru horretan sortu den “Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske” estrategia komunikatiboa saritu dugu.

Merezimenduzko saria Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eman diegu, 30. urteurrena bete berri dutela-eta, egindako ibilbidea aitortzeko. Munduaren ispilu dira: algara, baina era guztietako gaiak lantzeko prest beti, balore jakinetatik (migrazioa, familia ereduak, natura, indarkeria matxista, euskara…). Zuzenean, kantuz, bideoz, jolasaren bidez, ipuinez, aldizkariz… gutxik zabaltzen dituzte euren mezuak hainbeste euskarritan.

Azkenik, bigarren merezimenduzko sari bat ere eman dugu: Bakearen Artisauei egindako lana eskertu nahi izan diegu. Herri honen lorpen handi bat izan da, 2017an, armagabetzea. Bakearen Artisau bihurtu ziren herritarrek lortu zuten, desobedientzia zibilaren bidez, lehen armak deuseztatzea. Ez ote da giltzarria izan Frantziako familia politiko erabat ezberdinen artean komunikazioa diskrezioz eta konfiantzaz landu izana, Frantziako Estatuak jarreraz aldatzea lortzeko?