argia.eus
INPRIMATU
Argia Sariak 2025: Proposatu zure hautagaiak
  • Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 14a
2024ko Argia Sarietako irabazleak Usurbilgo Atxega jauregian. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ARGIAko lantalde zabala ari da saria jasotzea mereziko luketen hautagaien peskizan, bai langilek baita hamarnaka kolaboratzaile ere. Ordea, ekarpen guztiak izango dira ongi-etorriak eta urtero bezala gure komunitate osoari eskatzen dizuegu laguntza hautagairik onenak bilatzeko.

Zeri emango diogu saria?

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioa saritzen dugu atal hauetan: prentsa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, Internet eta sustapen ekintza. Hainbatetan, halaber, Merezimenduzko saria ere banatzen dugu, euskal kulturan edo euskal gizartean nabarmendutako pertsona, lan edo proiektua. Saritu daitezke lan zehatzak, saioak, sekzioak, hedabideak, pertsonak, proiektuak…

Esaiguzu nor edo zer sarituko zenukeen, eta zergatik. Orain arteko sariei buruzkoak Argia Sariak kanalean ikus daitezke.

Hautagaiak bidali, mesedez, helbide honetara: argiasariak@argia.eus