argia.eus
INPRIMATU
ARGIA Jendea bilduko duen topaketa Gasteizen
  • Lerrook idazten ari naizela oraindik urriaren 1a igaro gabe badago ere, dagoeneko imajinatzen ditut zu, irakurle, hitz hauek leitzen ari zaren egun horretan aldizkari eta egunkariek botako dituzten lerro-buruak. Aukera posible guztiak irudikatzea ez dakit erraza den, baina nire buruan sartzen direnak behintzat, ikusten ditut. Beraz, pentsatzen dut zu ere, lagun, gertatu dena gertatu dela ere, hurrengo egunetako erreakzioei begira egongo zarela.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko urriaren 04a
ARGIAzaleen topaketa iaz Ondarroan. (Arg.: Dani Blanco)

Baina tira, urriaren 1ean mundua bukatzen zela pentsatzen zenutenoi, ongi etorri; data horrek panorama, haiena bezala gurea, modu batera edo bestera aldatuko duela zalantzan jartzen ez badut ere, munduak aurrera darrai. Baita gure mundu txikiak ere. Argia Eguna gainean dugu, eta laster elkartuko gara jada urterokoa bihurtzen ari den zitan Argia jendearekin.

Argiazaleon topaketari txoko berezia eskaintzen zaio egitarauan, eta Gasteizen izango dugu aukera guztiok batu eta ARGIA proiektuaz aritzeko. Lehengo urtean, Ondarroan, harpidetza eredu berrirako bidea ireki genuen, eta han jasotako iritziek osatu zuten ondorengo hilabeteetan aurkeztuko zen harpidetza kanpaina: zerbait finkoa prezio jakin baten truke jaso beharrean, harpide bakoitzak erabakitzen du, gaur egun, zer eman nahi dion ARGIA proiektuari eta zer jaso nahi duen horren trukean. Araban, berriz, kanpaina horren balorazioa egitea da helburua batetik, Argia jendeak aldaketa nola ikusi duen ezagutu, eta proiektua bera nola ikusten duen jaso. Bere ahul eta indarguneekin.

Baina ez da horretan soilik geratuko, sorpresaren bat edo beste ere prestatuta baitago urriaren 7rako. Oraingoz aurreratu dezakedan bakarra da hogei urte direla ARGIAk Interneterako saltoa egin zuela, euskarazko komunikabideetan Ttipi-ttapa-rekin batera lehenengoa, eta horrek emango duela zeresana oraindik ere bukatu ez den 2017 honetan.

ARGIArentzat izugarri garrantzitsua izaten da zita hau, bere komunitatearekin aurrez aurre egoteko aukera baita, eta Euskal Herriko Argiazaleak berriz ikusteko gogotsu, bertaratzeko gonbidapena irekita duzue. Gasteizko Alde Zaharrean, urriaren 7an, 12:30ean.