argia.eus
INPRIMATU
Argia Ikastolak laguntza eskatu du Nafarroa Oinezeko zorrei aurre egiteko
  • Tuterako Argia Ikastolak antolatu du 2019ko Nafarroa Oinez. Jendetza bildu zen urriaren 20an eta egitaraua betetzea lortu zuten, baina arratsaldean euritara jo zuen eta uste baino askoz jende gutxiago hurbildu zen.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 21
Argazkia: Euskalerria Irratia.

Euskalerria Irratian Argiñe Korta Argia Ikastolako zuzendariak egin ditu adierazpenak eta goibel adierazi du, nahiz eta jende multzo handia gerturatu Tuterara zorrak izango dituztela. Zorrak kitatu eta eraikina gaur egungo beharretara egokitzeko baliabideak beharko dituzte.

Foru poliziak emandako datuen arabera eguerdirako 20.000 lagun hurbildu ziren. 88 autobus eta 3.2000 auto eta autokarabana zenbatu zituzten. Antolatzaileek 7.000 auto, 500 autokarabana eta 150 autobus espero zituzten, alegia, jende kopuru bikoitza.

Argia Ikastolak webgunean diruz laguntzeko modua eskuragarri jarri du.

Irekierako diskurtsoetan azken sententzia aipatu zuten behin baino gehiagotan. Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak esan zuen sententzia judizial ulertezinak gorabehera nafarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dutela. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Jose Mari Aierdik, sententzia gogoan, azpimarratu zuen gorabeherak direla euskara kontuetan azkenaldian, baina ahalegina egiten ari direla bideratzeko, beharrezkoa bada araudia gainbegiratuz eta eguneratuz.

Tuterako alkate Alejandro Toquerok (Navarra Suma) udan adierazi zuen tuterar guztien alkatea izango zela eta Nafarroa Oinezera joango zela. Alkatea ez zen agertu, ezta bere koalizioko kargudunik ere. Udaleko PSNkorik ere ez.

Lizarrako ikastolak hartu du lekukoa 2020rako.