argia.eus
INPRIMATU
Argia ere xurgatzen duten zulo beltzak, zer dira zehazki?
ARGIA @argia 2019ko apirilaren 11
Zientzialariek diotenez, zulo beltzaren inguruko teoria eta ondorioak, tartean zulo beltzaren masari buruzkoak, zuzenak direla pentsatzeko moduan gaude orain.

Zer da, baina, zulo beltz bat? Oier Lakuntzak horrela azaldu zuen ARGIAren Zientziaren labirintoan kokatuz blogean:

"Zulo beltzena maiz entzuten dugun kontua da, baina benetan zer den ez daukagu batere argi. Diotenez era ezberdinetako zulo beltzak daude, baina guztiek ezaugarri bera dute, beren masa izugarria alegia. Esate baterako, gure galaxiaren erdian, Esne Bidearen erdian legokeen zulo beltzak, eguzkiak baino lau miloi aldiz pisu haundiagoa dauka. Masa handi horrek eraginda, beren inguruan izugarrizko grabitatea eragiten dute, eta honek, etengabe materia eta espezie ezberdinak xurgatzea eragiten du. Gainera, zulo beltz batean erortzen den materia ezin da bertatik atera.

Bitxiena zera da: zulo beltzek materia ez ezik argia ere xurgatzen dute. Hain zuzen ere, hortik datorkie beren izena: zulo beltzak, inolako argirik igortzen ez dutenak. Eta noski, inolako argirik igortzen ez baldin badute, astronomoek nola daukate beren berri? Bada, hau ulertzeko, gauza bat azaldu behar da. Izan ere, zulo beltz batera hurbiltzen den heinean, materiak izugarrizko tenperatura igoera nozitzen du, eta tenperatura handi horietan X izpiak igortzen ditu. Hain zuzen ere, hauek dira, X izpiak, astronomoek igartzen dituztenak.

Beste ezaugarri bat ere aipatu nahiko nuke, denboraren dilatazioa. Hau ere kontzeptu arraroa da, baina ideia bat izan dezazuen, zulo beltz batetik gertu, bertatik urrun baino motelago pasatzen da denbora. Erabat ezinezkoa da zulo beltz batean bizitzea, baina bertako tenperaturak jasan ahalko bagenitu, eta bertan biziko bagina, askoz ere motelago zahartuko ginateke. Esan bezela, zulo beltz batetik gertu denbora motelago igarotzen delako.

Unibertsoaren kontuak: abstraktuak bezain urrunak. Dena den, gugandik miloika urtera ez ezik, gure baitan ere badira zulo beltzak. Nor ez da bere bizitzan, uneren batean, guztia beltz, guztia ezkor ikusten duela sentitu? Bada, hori ere zulo beltz baten modukoa dela esan daiteke. Dena den, halako batean bazaudete, eutsi goiari eta segi aurrera! Gure baitako zulo beltzak ez baitira unibertsokoak bezain gogorrak. Kosta egiten da bertatik ateratzea, baina posible da. Baikorra izatea da kontua.

Zulo beltzez gehiago:

Wikipedia

Event Horizon Telescope-k ateratako irudiaren aurkezpen ekitaldia: