Asteazkenetik igandera bitarte Durangoko Azokak ateak irekita izango ditu, eta egun horietan ARGIAk, urtero bezala, bere txokoa izango du Landako gunean, baita Andra Mari elizapean ere. Hemen gure standetan aurkituko duzun guztia.
Durangoko egunak hasi dira eta liburu, disko eta kultur sorkuntzaren zurrunbiloan sartuko da gustura herritar asko eta asko. Azokaren erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da ARGIAren txokoa jende ugarirentzat, eta hedabide honek ere gustura hartuko ditu, gure komunikazio proiektua azaldu eta esku artean ditugun produktuez goza dezaten.
Aurten ARGIAren eta Bizi Baratzearen mahaiak Landako gunearen erdi-erdian izango dira: Artekaleko 19, 20, 21 eta 22 zenbakietan, informazio gunearen ondoan. Ohikoak bihurtu diren, letxuga, banbu-adar eta poltsak jarraituz ez duzu galbiderik izango. Gainera, Durangora gerturatu ezin duenak badu aukera nahi dituen produktuak etxera eramateko ARGIAren webguneko azokan.
2023ko agenda eta Sendabelar Baratzea
Bizi Baratzearen postuetan izango dira egunero Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea liburuak sinatzen eta aholkuak ematen landare eta sendabelarren inguruan.
Ilargia eta Landareak 2023 agenda eskura dago jadanik, baratzean egin beharreko lanak azaltzen ditu astez aste Errekondok bertan, Antton Olariagaren marrazki ikusgarriekin; aurten baratzeko animalia laguntzaileak nabarmendu dituzte. Horrez gain, bisitariak esku eskura izango ditu beste hainbat produktu: Ilargiaren egutegia 2023, Etxeko Landareak, Bizi Baratzea...
Sendabelarrek Dakitena liburuaz azalpenak ematen ariko da Larrea beste mahai batean. Eta ARGIAren aurtengo nobedade nagusienetakoa den beste argitalpen bat aurkezten ere bai: Sendabelar Baratzea. Sendatzeko baratzea lantzeko proposamena egiten du urte osorako liburuxka honetan, horretarako 12 sendabelar aukeratuta. Gainera, hazi poltsak ere izango dira salgai nahi duenarentzat.
Inor ez da ilegala poltsak eta ARGIA liburuak
ARGIAk urteak daramatza eduki periodistikoz ondutako liburuak argitaratzen. Aurten Axier Lopez kazetariaren Gure heroiak liburua dugu protagonista, Elkanok munduari bira eman ziola 500. urteurrena ospatu denean, pertsonaia horren eta Euskal Herriko kolonialisten inguruko beste begirada bat proposatzen du Lopezek.
Horrez gain, beste hainbat liburu ere izango dira aukeran ARGIAren mahaian, baita Xapoketan karta-jokoa eta puzzlea edo Perretxiko zaindariak mahai jolasa ere, bestak beste.
Eta jakina, Inor ez da ilegala ekimeneko poltsak ere izango dira salgai, kolore guztietan. Jertseak eta kamixetak eskuratu nahi dituenarentzat, bestalde, alde zaharreko Andra Mari elizako aterpearen ondoan postua jarriko du ARGIAk egunero, Mbolo elkarteko kideekin elkarlanean. Nahi adina aukera izango du bertan.
ARGIAren proiektua azaltzeko informazio gunea
ARGIAren sostengu nagusia jendea da, bere komunitateak eusten du, herritarrek egiten duten diru-ekarpenari esker egin baitezakegu kazetaritza independentea. Komunikazio proiektuaren balioak eta harpidetza sistema berezia azaltzeko informazio gunea atondu du ARGIAk, kide egin eta proiektua babesteko abagune ederra beraz.
Azken astekariak, Larrun aldizkari monografikoak eta Gakoak publikazio mamitsua erakusgai jartzeaz gain, pantaila baten bidez gure webgunea, multimedia atala eta sare sozialen funtzionamendua ikusi ahal izango du gerturatzen denak.
Gainera, ARGIA Egutegia 2023 ere salgai izango da urtero bezala. Egunero efemeride bat eskaintzen duen takoa falta ezin den zerbait bihurtu da Euskal Herriko milaka sukaldetan.
Aurkezpenak eta solasaldiak
Jakoba Errekondo:
- Abenduak 10, 18:00etan: Ilargiaren egutegia
- Abenduak 11, 11:00etan: Ilargia eta landareak 2023, urteko lanen agenda
Garbiñe Larrea:
- Abenduak 11, 17:30ean: Sendabelar Baratzea