“Ukrainako gobernuak engainatuta sentitzen naz, Donbassen egiten ari den sarraskia justifikaezina da”Luhanskeko ospitalean preso nazionalista ukrainarrekin izandako solasaldiaren laburpena.
“Ivan” enboskada baten atzeman zuten. Ospitaleko zazpigarren plantan ingresatuta dago. Hanka bat galdu du eta bere gorputza zauriz beteta dago, “Aidar eta Azov batailoien autobus gidaria nintzen, baita Guardia Nazionaleko kolaboratzailea” dio Ivanek “boluntario gisa batu nintzen armadara Kieveko komunikabideetan milizianoek umeak eta agureak akabatzen zituztela entzun nuenean. Ostera gezurra dela konturatu naiz, Kiev Donbassen burutzen ari den operazio antiterrorista berezia justifikaezina iruditzen zait. Gobernuak engainatuta sentitzen naiz eta agian beraien aurka elkarrekin altxatzeko ordua heldua da”. Ivan hunkituta azaldu da, “eskerrak eman nahi dizkiet ospitalean zaindu nauten guztiei, beraiengatik izan ez balitz ez nintzateke bizirik egongo. Atxiloketan milizianoek emandako tratua ere ona izan da, ez dut inolako tratu txarrik jasan”. Aurrerantzean bizitza normala egiten saiatuko dela adierazi digu jada ukrainar preso ohia dena ARGIAko taldea agurtu baino lehen “Ondo segi, eskerrik asko bisitagatik”
Ospitaleko bostgarren plantan beste preso batek egin digu harrera: “Maxim deitzen naiz eta Aidar batailoiko kidea naiz, ukrainar nazionalista naiz eta hala izaten jarraitu nahi dut. Ez dut Ukraina zatituta ikusi nahi”. Aldi berean Maximek politikarientzat ere badu mezu bat: “Radari nahiz ukrainar komandanteei negoziazioa konponbide gisa baliatzeko eskatu nahiko nieke. Zenbat jende gehiagok galdu beharko du bere bizitza gatazka honetan?”. Aidar batailoian kanpotik etorritako mertzenarioak dauden galdetu diogu: “Ez, ez daude. Nik ez ditut sekula ikusi”. Aidar batailoia aski ezaguna da Ukrainan burututako ustezko gerra krimenak eta praktika ilegalak direla eta, baina Maximek zera dio: “Ez dut inolako praktika ilegalik ikusi, ez dakit beste batailoiek zer egin duten edo zer ez duten egin, baina Aidarren ez dira lapurketak, bortxaketak, sarraskiak edo antzerakoak sekula izan. Honelako praktikak burutzen dituztenak fusilatu egin beharko genituzke”.