argia.eus
INPRIMATU
KOMUNITATEARI OHARRA
ARGIA astekaria doan euskara ofizial ez den lekuetan euskara ikasten ari direnentzat
  • Euskal Herri osoan Euskaraldia abiatu den honetan, euskarari bultzada eman asmoz, kanpaina baten berri eman nahi dugu ARGIAtik. Zehazki, euskara ofiziala ez den eremuetan euskara ikasten ari direnei zuzendua dago.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 18a

XXI. mendean oraindik euskara ez da ofiziala Euskal Herriko ondorengo hiru eremuetan: Ipar Euskal Herrian, Nafarroaren erdian eta Trebiñuko konderrian. Horrek ondorio zuzenak ditu herritarrengan. Gaztelania edo frantsesaren aurrean euskaraz aritzeko eguneroko zailtasunei, eremu hauetan gehitu egiten zaie aitortza instituzional faltak dakarren guztia.

Euskara ikastea erabakitzen dutenek euskaldunon erabateko bultzada merezi dute. Premiazkoa da euskara ikastea doakoa izatea, baina oraingoz ez da, eta euskara ikasleek, inork baino hobeto dakite horrek zenbat jende urruntzen duen euskara ikasten hasteko pausotik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gai honekin herri-presioa egitea erakundeei, bakoitzak bere lekutik behingoz alda dezaten hori. Hemen gure aletxoa, txikitik eragin asmoz.

Jaso nahi duzu ARGIA doan?

Euskara ofiziala ez den eremuetan euskara ikasleei zuzenduta: Gustatuko al litzaizuke gure aldizkaria etxean doan jasotzea? Irakurriko duzula edo zure euskalduntzea lagunduko dizula uste duzu? Erantzuna baiezkoa bada, dohainik edo kitorik bidaliko dizugu gutxienez urtebetean. Nahi baduzu astero, hamabostero edo hilero, zuk nahi duzun bezala bidaliko dizugu.

Bizi ditugun garai azeleratu hauetan, etxean lasai irakurtzeko aldizkaria jasotzea proposatu nahi dizugu. Garrantzitsu iruditzen zaizkigun gertaerez informatzeko eta euskaraz bizitzen laguntzeko tresna izan nahi dugu, euskara praktikatzeko espazio bat.  Horregatik, ekarpen materiala egin nahi dugu euskara fisikoki sartuz zuen etxean, horregatik proposatzen dizugu paperezko astekaria jasotzea.

Bestela, e-postan jasotzeko egunkari digitala eta beste eskaintza batzuk ere baditugu.

Zergatik egiten dugu hau ARGIAn?

Euskara impasse egoeran dagoela ikusten dugu kezkaz eta gure partetik jarri nahi dugu, aurrera egiten jarrai dezagun herri gisa. Kanpaina zehatz honekin, euskara ofizial ez den eremuetan euskara ikasten ari zareten lagunek ARGIAren bultzada sentitzea nahi dugu, guk egunerokoan ekarpen ekonomikoa egiten diguten Euskal Herriko milaka euskaltzalerena sentitzen dugun bezala.

ARGIAn urtea irabaziekin amaitzen dugunean, ez da multinazional, banku edo bestelako jauntxorik etortzen dibidenduak kobratzera. Guk emaitza proiektuan inbertitzen dugu, indartzen jarraitzeko, eta nahiz eta merkatu legeen aurka joan halako erabakiak hartzen ditugu. Aurretik ere egin izan dugu beste kolektibo batzuekin –langabezian geratutako harpidedunak, presoak, ostalariak...–. Horregatik diogu, elkartasuna ardatz, komunitateak elkar eusten duela hemen, eta oraingoan, ehunka lagunen euskara ikaste prozesua lagundu badezakegu, gu oso pozik sentituko garela.

Horregatik, ikasle bazara eta aldizkaria estimatzen baduzu, animatu gure eskaintza onartzera. Gauza bakarra egin behar duzu: azaroaren 30a baino lehen idatzi email bat komunitatea@argia.eus helbidera, aurkeztu zure burua –adierazi nor zaren, non ari zaren euskara ikasten, zenbat urte daramatzazun, zein den zure harremana euskararekin, uste duzun gure aldizkaria irakurriko duzula, eta abar–  batez ere guk zu ezaguzteko.

Ez bazara euskara ikaslea

Halako ekimenak begi onez ikusten badituzu eta ARGIAn egiten dugun lana gustuko baduzu, bihotzez proposatu nahi dizugu ARGIAkoa egitea. Zuk nahi duzun ekarpena egin dezakezu, eta ikusten duzunez, ekarpen guztiei esker geroz eta jende gehiagorengana heltzen gara. Sartu hemen.

Honenbestez agurtzen gara. Jaso agurrik beroenak ARGIA egiten dugun guztion partez, eta egunotan, urte osoan bezala, eutsi euskarari.