argia.eus
INPRIMATU
ARGIA aldizkariari eskutitza, Elkanoren harira
Juan Gorriti Gaizka Zubizarreta 2018ko abenduaren 14a

Kazetaritza independente baten jardunak ematen dituen fruituetako bat da erreportaje hau. Txikitik eragin daitekeenaren adibide garbia, testuan dioen bezala atzoko krimenak gaurko loria bezala saldu nahi dizkigutelako. Historiaren kronika berregituratu egiten du eta boteretsuen narratibaren gainetik (eta azpitik) sustraietara eramaten du irakurlea. Garenaren sentimendura. Sustraia baita sentimendua eta sentimendua sustraia. Hitzak sentimendua besarkatzen du eta gure historiaren ulermenera eramaten gaitu. Hitzik gabeko hitzarekin komunikatu gaitezke. Hitzekin baino sentimenduekin gehiago ikasten delako.

Kazetariak aipatzen duen bezala, penagarria da espainiar armadaren langile leial baten presentzia euskal arrantzaleen historiaren barruan txertatzea. Garaiko euskal abenturazale, arrantzale eta bizirauteko erronkei itsasoan aurre egiten zieten euskaldunen kemena, adorea eta gogoa garai hartako aberastasunen, estatuen eta inperioen alde lan egin zutenekin nahastuz.

Gure herriaren historia behin eta berriz zapaltzen ari dira eta horrelako testuek ispilu egiten dio ezarritako diskurtso politiko konkretu bati. Historia berridazteko saiakera hauek benetan eskertzekoak dira. Historiaren funtzioa, Axierrek aipatzen duen bezala, oraina eraikitzea baita, etorkizun solidario, inklusibo eta justu bat eraikitzeko. Eskema mental berriak eraikitzeko ere balio behar du.

Hitzek sentimenduak besarkatzen dituzte eta hitz hauek gure esker onaren sentimendua besarkatzen dute.

Besarkada hori iritsiko zaizuelakoan…