argia.eus
INPRIMATU
Argi-kutsadura: LEDak direla eta, gaur ikusten ditugun izarren erdia ikusiko ditugu 20 urte barru
  • Hasi milioika jende metatzen diren megalopolietatik eta munduko eremurik urrunenetaraino, argi-kutsadura uste baino askoz azkarrago ari da handitzen. Hala erakutsi du Science aldizkarian urtarrilaren 19an  argitaratutako azterlan batek. Argi-kutsaduraren gorakada kuantifikatzeko, zientzialari talde batek, Lurraren Zientzien Alemaniako Ikerketa Zentroko Christopher Kyba astrofisikaria buru zuela, erabili ditu herritar zientziazale boluntarioz osatuta dagoen Globe At Night programak bildutako datuak. Globe At Night plataformak mundu osoko zeruei begira gauez 51.351 behaketa bildu ditu, batez ere Ipar Amerikan eta Europan, neurri txikiagoan Asian.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 20a

Gizakiok planeta osoan eta batik bat eremu hiritartuetan gero eta ugariago darabiltzagun gaueko argi artifizialek, gure oinpeko zorua eta ingurua argiztatzeaz gain, beren distira bidaltzen dute zerurantz ere. Horren ondorioz, gizakiek bezala animaliek batetik gaueko iluntasuna galtzen dute eta, bestetik, gero eta izar gutxiago ikusten dituzte ortzian. Baina galera hori orain arte uste zena baino handiagoa da eta arinago ari da handitzen gainera, Globe At Night plataformak bildutako datuek erakutsi dutenez.

Zientzialariak orain artean argi-kutsaduraren garapena neurtzeko oinarritzen ziren satelite artifizialek Lurraren orbitatik bidalitako informazioan. Kontua da sateliteek gorantz igorritako argia neur dezaketela, baina ez dira direla gai LED argiztapenak sortutako uhin-luzera guztiak neurtzeko, ezta horizontalki igorritako argia ere. Aldaketa iritsi da Kybak eta bere ekipoak azterketa berrian barnatu dituztenean mundu osoko zientziazale amateurrek beren gaueko behaketetan bildutako informazioak. Horrela ondorioztatu dute mundu osoan 2011tik 2022ra bitartean bataz beste gaueko zerua %9,6 distiratsuago bihurtu dela, hau da, zortzi urte oro bikoiztu egiten dela gizakiaren begiak ikus dezakeen ortziaren distira.

Science aldizkariak zabaldu duenez, “urteotan argiztapen-teknologian egin diren aurrerapenek zaildu egin dute eragindako argi-kutsaduraren neurketa, emisio-espektroetan gertatutako aldaketengatik. Oraingoan, 2011tik 2022ra planetako zeruetan gertatutako distiraren aldaketa ikertzean erabili dugu 51.351 herritarrek izarren ikusgarritasunaz begi hutsez egindako behaketa. Horrela ohartu gara begi hutsez ikus daitezkeen izarren kopurua gutxitu egin dela, gizakiaren ikusmenaren bandan %7tik %10era igo delako gaueko distira. Gehikuntza hori askoz azkarragoa da orain arte satelite-behaketetatik ondorioztatu genezakeena baino”.

Orain arteko ikerketen arabera, azken urteetan argi-kutsadura %2 inguru hazten zen urtero. Ikerketa horiek Lurraren inguruko sateliteen datuak erabiltzen zituzten, hau da, eguratsetik ateratzen zen argia neurtzen zuten espaziotik lurrera begiratuta. Ikerlan berrian gehitu dute milaka behatzailek du lurretik gora begira eskuratutako informazioa. Behaketa hauek zeruaren distira neurtzen dute, argiztapen artifizialak gero eta gehiago handitzen duen distira. Sateliteek bertikalki neurtzen dute lurretik espaziora igorritako argia eta, bestalde, itsuak dira argiaren osagai urdinarekiko. Aldiz, lurretik herritar boluntarioek zeruko distirari egin dioten behaketan sartzen da horizontalki eta zeharka igorritako argia ere, hala nola eraikinen fatxadetatik, pantaila elektronikoetatik eta leihoetatik ihes egindako argia. Eta gainera, gizakiaren begiak espektro zabalago batean antzematen du argia sateliteek baino. Faktore horiek zeruaren distira eragiten dute, eta inpaktu biologikoaren iragarle baliagarriak ere badira. “Gizakiaren begia –esan zuen Kybak– gauean sentikorra denez uhin-luzera laburragoekiko, LED argiek eragin handia dute zeruko distiraz dugun pertzepzioan”.

Azken 150 urteetan gizakiak natura izugarri eraldatu du. Gero eta nabariagoa da planetaren zati handi batean gauaren iluntasuna galtzea dela aldaketa sakonenetako bat. Science-ko azterketaren egileek dioten bezala, gaueko zeruaren izaera gaur oso ezberdina da bizitza eta zibilizazioa garatu ziren garaiekin alderatuta eta nabarmena da argi-kutsadurak handitzen jarraitzen duela eten barik. Christopher Kyba Alemaniako Geozientzien Ikerketa Zentroko ikertzaile eta aipatu azterketaren egile nagusiak esan du: "Erritmo horretan, 250 izar ikus zitezkeen leku batean jaio den pertsona batek 18 urte bete dituenerako 100 baino ez ditu ikusiko".

Gaueko izarrak ikusi ahal izateko, gero eta paraje urrunagoetara jotzera behartuta dago hiritarra.