argia.eus
INPRIMATU
“Argi geratu da hezkuntza eredu hau agortuta dagoela”
  • Espainiako Estatuan ikasturte amaiera zein izango den aurreratu zuen asteazkenean Isabel Celaá Hezkuntza ministroak, eta “erabaki guztiak Madriletik datozela” salatu du LAB sindikatuak. Horrez gain, hezkuntza komunitateari baino, programazioari begirako irtenbidea bilatu dutela uste du sindikatuak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Eta behar emozionalak, zer?

Ikasleen konfinamenduari aipamenik ez zaiola egin kritikatu du LABek, “haurren bizitzetan eraginik izango ez balu bezala. Ez dute egin behar emozionalak lantzeari begirako inolako ekarpenik, ezta haurrek behar izango duten osatzeari buruzkorik ere”. Argi du LABek: hori izango da hezkuntza komunitatearen etorkizuneko erronka.

Arrakala digital eta sozialaren areagotzeari ere aurre egin behar zaio. Agintariek onartu dute tele-irakaskuntzaren ondorioz arrakala horretan sakondu dela eta hortaz, ikasle guztien hezkuntza-eskubidea ez dela bermatu nabarmendu du sindikatuak.

Udan ikastetxeak irekitzeaz

Espainiako Gobernuak aukera eman du ikastetxeek ateak ireki ditzaten udako oporretan, nahi duten ikasleak joateko. Ez dela planteamendurik egin, programa ez dela zehaztu eta plantilletan izango duen eragina ez dela kontuan hartu azpimarratu du sindikatuak.

Ebaluazioa, betiko lepotik burua

Ebaluazio jarraia egingo dela iragarri arren, ohiko irakaskuntza-ereduari eutsiko zaiola kritikatu du LABek: konpetentzietan oinarritutako ebaluzioa egin ordez, edukietan jarriko baita arreta, “oinarrizko edukiak lortu diren ala ez ebaluatuko da”. 4. DBH-ko, 2. Batxilergoko eta Lanbide Heziketaren 2. mailako azterketak mantenduko dira eta unibertsitatean sartzeko selektibitate probarekin ere aurrera egitea da asmoa; “ez dute kontuan hartu konfinamenduak ikasleengan duen eragina”. Ipar Euskal Herrian egin duten moduan, unibertsitatera sartzeko proba bertan behera utzi beharko litzatekeela iritzi dio LABek.

Horren guztiaren aurrean, “hezkuntza eredu propio burujabea behar dugu, euskal eskola publiko komunitarioaren bidean”, aldarrikatu du.