argia.eus
INPRIMATU
Argentinan pobreak pobreagoen kontra ostikoka

2011ko urtarrilaren 02a

Udazkenean bortizkeriazko heriotzak ugaritu dira Argentinan, Buenos Airesen bertan bezala urrutiko probintzietan. Polizia bakarraz gain, hilak militante politikoak, indigenak edo okupa hiritarrak dira. Erasotzaileetan nahastu dira poliziak, sindikalistak, sikarioak, ultraeskuindarrak... eta beste pobre batzuk.

Martin Caparrosek, Una Luna liburuan munduko gaurko migrazioen kronika txit bizia idatzi duenak, Buenos Aireseko gertakizunez galdetuta zera erantzun berri dio kazetari bati: “Lazgarriena izan da ikustea pobreak borrokan –makilaz, balaz, suz– txit pobreen kontra, eta Estatuaren destaina, agintariek nahiago zutelako ez esku hartzea, gero arerioak errudun egiteko”.

Europaraino ez da iritsi irudi gehiago Buenos Airesko Villa Soldati parkean gertatutako liskarrenak baino. Hala ere, asko dira larrialdi soziala salatzen ari direnak. Adolfo Perez Esquivel bakearen Nobel saridunak Alainet gunean Xenofobia, discriminación y genocidio silencioso bataiatu du Argentinan gertatzen dena. Alcira Argumedo soziologo ezkertiarrak testuinguruan kokatu ditu gertakizunak Argentina: muertes simbólicas analisian; gaztelaniaz Sin Permiso gunean irakur daiteke osorik.

Urriaren 20an Unión Ferroviaria sindikatuko gorilek Mariano Ferreyra 23 urteko militante komunista hil zuten eta zazpi haurren ama den Elsa Rodriguez 56 urtekoa koma egoeran utzi. Buenos Airesko Avellaneda geltokitik gertu jazo zen. Liskarrak lehertu ziren trenbideetako azpikontratetan ari diren jendeek greba deitu zutenean, eta greba lehertzera sindikatu ofizialistak argentinarrek patota deitzen duten sesiante jendea bidali zutenean.

Eredu neoliberalak Argentinako langileen artean ere pikardia galantak egin ditu urteotan. Hasteko, 18 eta 29 urte arteko langileen hiru laurdenak edo lanik gabe daude edo beltzean ari dira edo azpikontratatuak, inolako babes sozialik gabe.

Prekarietatezko baldintzen kontra jazarri diren gazteetako bat zen Mariano Ferreyra. Irakasle baten semea, oso mutikotatik tailer mekanikoetan ari zen lanean baina Historia ikasketak egiten ere hasia zen; musikan ere aritzen omen zen, organoa jotzen. Partido Obreroko militantea zen.

Urrian bertan, Misiones probintzian bestelako heriotza batzuen berri jakin zen. Apóstoles hirian Hector Díaz bi urteko umea eta Montecarlon Milagros Benitez 15 hilabetekoa gosez hil ziren. Nabarmenenak izanagatik ez dira izan bakarrak. Lekuko agintariek aitortzen dute haurren desnutrizioa aski zabalduta dagoela. Eskualde hartan nekazaritza industrialean inbertsioak egin dituzten enpresa buruek hilabete gutxi batzuetan kontratatzen dituzte lurrik gabeko baserritarrak, gainerakoan ez lanik eta ez dirurik ez da.

Azaroaren 16an zabaldu zen 7 urteko Ezequiel Ferreira hil zela oilategi industrial bateko toxikoek eragindako minbiziagatik. Ferreiratarrek lortu zuten, ustez, Misionesko miseriari ihes egitea, Buenos Aires probintziako Nuestra Huella granja erraldoiak kontratatu zituenean.

Heldu bezain laster ohartu ziren miseria handiagoan zituztela ugazabek: zorrak kitatu eta egunero mantendu ahal izateko, aita eta amaz gain haurrek ere lan egin beharra zeukaten oiloen artean. Horrela ari omen dira ehunka familia 70 granjatan, senide guztiak zepoan harrapatuta, ihes egin ezinik, inoren babesik gabe. Hamabi urte gabeko milioi eta erdi haur ari da lanean gaur egun Argentinan, laborantzako korporazio handien eta industriaren morroi. Charles Dickens piztu baledi...

Babesik gabe milioika jende xehe

Azaroaren 23an, Formosa probintzian, Celía familiako zaindari pribatuek eta poliziek indarka nahi izan zuten ireki hango errepide bat. Gobernadoreak lurrak kendu zizkien Qom edo Toba jendeari, unibertsitatea eta polizientzako etxeak eraikitzeko. Tobatarrek errepidean trafikoa eten zuten. Errepideko borroketan polizia bat hil zuten bertakoek. Mendekuz, Roberto Lopez eta Sixto Gomez hil zituzten tiroka.

Argentinan norbait bizi bada baztertua bertakoak dira. XX. mendean barrena jasan zuten suntsiketaz gain, azken hamarkadotan azken zelai eta basoak galtzen ari dira. Tobatarren kasuan, gehienak gaur egun hirietako txabolategietan bizi dira eta Formosa bezalako probintzietan azken indigenak iraun ezinean bizi dira, lurrak eraikuntzarako erabili baina batez ere soja transgenikoa etxalde erraldoietan landu nahi duten espekulatzaileen aurrean.

Baina Argentinako udazken honetako istilu larriena, gureganaino iritsi dena goian aipatutako gertakizun ahaztuak oroitarazi dituena, abenduaren 7an jazo zen Buenos Airesen, Villa Soldati auzoan. Egun horretan poliziek Bernardo Salgueiro 22 urteko paraguaitarra eta Rosemary Churapuña 28ko boliviarra hil zituzten balaz, 30 gehiago odoletan larri utziz.

Hildako atzerritar horiek beste ehunka askorekin Indoamericano –ez da txantxa– parkean zeuden akanpaturik, bere irabazi urriekin bizileku hoberik alokatu ezinik. Zikinkeria, zaratak, segurtasunik eza eta abar argudiatuz, Villa Soldatiko biztanleek eskatzen zuten haiek kanporatzea.

Baina ez ziren hor bukatuko heriotzak. Cristina Kirchner alderdi peronistakoa izanik eta Buenos Airesko agintari nagusi Mauricio Macri oposizioa, nork bere polizia parketik atera zuen eta parkea kontrolik gabe utzi. Egoerak gogortzen segitu zuen eta Villa Soldatiko zenbait biztanlek, sindikatuetako matoiek eta futbol taldeen inguruan mobilizatzen diren hooliganek, elkar hartuta eraso zieten parkean bizi zirenei. Juan Castañeta Quispe 38 urteko boliviarra hil zutela gauza segurua da, eta lekukoek diote 19 urteko beste gazte bat hilzorian eraman zuela anbulantzia batek, gaur desagertuta dagoelarik.

“Horra –idatzi du Argumedok– ekintza itxuragabe hauen beste ironia krudela: abenduaren 10a zen, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ”. Eta laburbildu ditu bi hilabete laburretan Argentinan jazotako heriotzeen zergaitiak: laneko baldintza duinen eskea, morrontzako lanak, umeen lana, indigenei lurrak ebastea, bizilekurik eza, etorkinekiko mespretxua...

Bertako herritar indigenen zanpaketa Argentina bezalako herrialde kolonizatu berriena da. Aldiz, Europan Afrika, Asia eta Amerikako etorkinen kontrako xenofobia ezagutzen dugun moduan, Argentinako hiri europar kutsukoetan, antza, antzeko fenomenoa gertatzen da Boliviatik edo Paraguaitik iristen zaizkien indioekiko.

Mariano Ferreyraren hilketa ekarri zuen liskarrean ere europarrok ikus genezake gure burua. Ajuste neoliberalak hemen ere lanpostuen prekarizazioa ekarri du, txirotasuna ugaritzea, langileen zatiketa bizi baldintza oso ezberdinetan.

Argentinan bezala hemen ere gazteriak ez dauka beste alternatibarik edo langabezia edo kontratu lotsagarriak onartzea baino. Villa Soldati bihar gerta liteke Barakaldon .