argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak
Massa peronistak ezustean irabazi du lehen itzulian, Milei ultrari aurrea hartuta
  • Sergio Massa Unión por la Patria alderdiko kideak, jarduneko Ekonomia ministroak, irabazi du Argentinako hauteskundeen lehen itzulia. Ezustekoa izan da, inkesten arabera Javier Milei ultraeskuindarra izango baitzen bozkatuena. Lehenak botoen %36,64 jaso du, eta bigarrenak %30,01.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 23a
Sergio Massa garaipena ospatzen.

Sei puntuko aldeaz nagusitu da Unión por la Patriako lehendakarigai Sergio Massa. Aurreikuspenen arabera, Massak bigarren itzulirako boto kopurua lortuko zuen, baina ez zen espero lehen itzulian irabaztea. Mileiren garaipena espero zen. Patricia Bullrich hautagai eskuindarra ez zen aurreikusten lehen itzulitik pasako zenik, eta hala gertatu da.

Hauteskundeen lehen itzulia irabazi duen hautagaia, Massa ofizialista, jarduneko Ekonomia ministroa da. Gaur egun, Argentinan, inflazioa %140koa da eta pobrezia %40koa. Mikel Aramendi nazioarteko aditua Euskadi Irratian aritu da hizketan, eta kazetariak galdetu dio nola uler daitekeen halako egoera ekonomikoa duen herrialdean, oraindik Ekonomia ministroa den hautagaiaren alderdiak irabaztea. Aramendik beldurraz hitz egin du, alegia, Milei moduko hautagai ultraeskuindarra atzean uzteko beharra. Aramendiren ustez, argentinarrek bozka eman dute, sudurra itxita ez ezik, "ahoa itxita" ere bai. Parte-hartzeak %7 egin du gora. Beldurraz gain, irabaztearen beste arrazoitzat jo dute jarduneko gobernuak hainbat neurri ekonomiko hartu izana, argentinarren erosahalmena arintzeko.

Bigarren itzulia azaroaren 19an izango da.